Osinalde zain dute sei gaztek
Bihar jokatuko da bertsolari gazteen 46. sariketa, Gabirian. Iazko bost finalista sailkatu dira. Aratz Igartzabal gabiriarra da berria, eta Araiztegi eta Akizu 2. aldiz ariko dira
«Saio berezia izango da. Etxean kantatuko dut. Plazera da, azken aukera nuelako» Aratz Igartzabal (Bertsolari gabiriarra) «Osinaldeko beroak bertsotan egitea eskatzen du, eta bertsotara noa» Maialen Akizu (Bertsolari urretxuarra) «Iaz ere finalean izatea onerako izango da. Badakigu zer aurkituko dugun» Eneko Araiztegi (Bertsolari segurarra)Aratz Igartzabal debutari Finalean berria Aratz Igartzabal da. «Oso gustura nago sailkatuta. Gainera, aurten hirugarren urtea nuen; azken aukera zenez —antolatzaileek hiru aldiz gonbidatzen dute bertsolari bat—, banuen pasatzeko gogoa. Berezia izango da, etxean kantatuko dudalako. Plazera izango da». Gustua bai, baita «presioa» ere. «Ia seguru nago edukiko dudala. Bestela ere urduri samarrak gara, eta oraingoan gehiago». Ahal den saio «konpletoena» egin nahi du Igartzabalek, «ariketa denetan zer edo zer» eman. «Gozatu, gozarazi eta gero gerokoak». Osinalde elkartea du bertso-eskola eta sehaska. Beste bi goierritarrentzat bigarren Osinalde da jarraian, iazkoaren ondotik. «Iaz baino lasaiago» dago Akizu. «Esperientziak denerako balio, honetarako ere bai. Giro beroa eta kutsakorra izaten da Osinalden, baina egin nahi dudana garbiago eduki nahi dut nik, burua hotz mantendu. Hango berotasunak bertsotan egitera joatea eskatzen du». Araiztegik ere uste du iazko esperientzia «onerako» izango dela. Bertsorik onenaren saria jaso zuen, eta bertso-kolpe biziekin saiatuko da bihar ere, nahiz helbururik ez duen jarri. «Gustura sentitzen naiz bertsotan. Iaztik lasaiago aurkitzen naiz jende aurrean».