Inkesta gaurtik jaso ahal izango da Latxartegi aretoan. Eskura jarriko dute kultur etxean ere. Iritziak eta iradokizunak jaso nahi dituzte ikusle kopurua hazi dadin; egun, 30 bat joaten dira
Zineklubeko Auzmendi eta Arrieta.
Zine komertzialak astero-astero uzten dituen ikusle kopurua 120 bat dira eta antolatzaileek balekotzat dute. Zineklubera doan ikusle kopurua, ordea, 25-30 lagun ingurukoa da eta bultzada emateko unea iritsi dela uste dute antolatzaileek. Ikusleak gehiagora joan daitezen formula zein den topatzeko legazpiarren iritzia bildu nahi dute eta iritzi hori jasotzeko inkesta bat prestatu dute.
Javier Arrieta Legazpiko Zineklubaren antolatzaileetako bat da, «orain artean emanaldiak ostiralez egin ditugu, baina akaso ikusleek osteguna edo larunbata egun egokiagoak direla uste dute». Ez da eguna zalantzak sortzen dizkien faktore bakarra. Ordutegia ere baloratu nahi dute, orain 22:15ean egiten dira emanaldiak, «agian egokiago ikusten da emanaldiak aurreratzea eta 21:00etan edo 21:30ean egitea».
Legazpiko Zineklubak zinema alternatiboaren aldeko apustua egin du betidanik. «Egokia da? Ukitu komertzialagoa eman beharko genioke?», halako galderak egin ditu Arrietak eta hala-koak dira legazpiarrei inkesta horren bitartez egin nahi dizkieten galderak.
Iradokizunak ere jaso nahi dituzte bide batez, «jarduera hobetzea da gure helburu nagusia». Inkesta gaurtik maiatzaren 21era arte eskuratu ahal izango da Latxartegi aretoan bertan egiten dira zine emanaldiak eta Legazpiko kultur etxean. Inkesten ondoan kutxa bat jarriko dute non betetako inkestak sartu ahal izango diren.
Denboraldia luzatu
Etziko emanaldiarekin amaiera emango diote aurtengo haurren zine emanaldiei. Zine komertzialen emanaldiak eta zineklubeko filmenak luzatu egingo dituzte oraingoan. «Maiatza amaierara arte emango ditugu filmak legazpiarren aldetik es-kaera dagoela sumatu dugulako», esan du Arrietak aurtengo berritasunari azpimarra eginda.
Gaurko zineklub saioan Asghar Farhadi zuzendari irandarraren
Forushande (Saltzaile bidaiaria) filma emango dute. Iazkoan sari zaparrada jaso zuen filmak hala Europan nola Estatu Batuetan. Teheranen etxez aldatu behar den bikote baten istorioa kontatzen du, behin aldaketa eginda, etxe berriaren maizter ohiarekin jazotako gertakariak dena korapilatuko du. Filmaren gai nagusia umiliazioa da.