Partaideak banaka, binaka edota hirunaka ari dira lasterketan, konpetizioa alboratuta
Goizeko 11:00etan puntu-puntuan eman zaio hasiera Legazpin Korostiko Igoera bertikalari. Proba Legazpiko Gazte Asanbladak antolatu du hirugarren urtez, aurten berrikuntzekin. Izan ere, probari lasterketa edo konpetizio kutsua kendu eta parte hartzea bultzatu nahi izan dute aurtengo edizioan eta, hala, partaideak, banaka baino, binaka edota hirunaka parte hartzera gonbidatu dira.
Aldaketak erantzun ona izan du eta gaurko proban 32 dortsal banatu dira guztira. Batzuk banaka, beste batzuk binaka eta baita hirunaka ere ari dira parte hartzen: gurasoak eta seme-alabak, lagunak, neska-mutilak… Antolakuntzak, hala ere, partaideen denborak neurtuko ditu, bakoitzak herriko plazatik Korostira bitarteko tartea zenbaten egiten duen jakin dezan.
Proba 12:30a aldera amaituko da, plazan bertan. Han elkartuko dira partaide guztiak antolakuntzak eskainiko duen hamaiketakoaz gozatzeko. Ondoren, bazkaria dute Gazte asanbladakoek gaztetxean. Hemen, 35 bat lagun elkartuko dira giro ederrean.