Plaza, Errebotea, arboladia eta pilotaleku zaharra berritzeko proposamenak ezagutu dituzte segurarrek
Iazko udan ekin zioten Seguran bere herrigunea berrantolatzeko prozesuari. Prozesu parte hartzailea izan da hasieratik, eta bidean hainbat saio izan dira adin guztietako herritarrekin, plaza, Errebotea, arboladia eta frontoi zaharra hartzen dituen aisialdi gune zabalerako premiak identifikatzeko, etorkizunerako nahi den erdigunerako abiapuntu izan daitezen.
Prozesuaren azken atala aste honetan bertan izan da, Lantegia edo workshop-arekin. Kanpoko arkitekto eta beste lanbidetako hainbat gazte gonbidatu dituzte herrira, aurretik zehaztutako puntuak eta eurek aste osoan zehar herritarrekin egindako saio desberdinetan antzemandako premiak proiektu desberdinetan gauzatzeko, beti ere Segurako herrigunearen berrantolaketa jomuga izanda. Hala, gaur aurkeztu dituzte kultur etxean beren proposamen horiek segurarren aurrean. Sei proposamen izan dira guztira, eta ingurunea, berdeguneak, umeentzako jolas guneak, iturriak, estalpeak, trafikoa, aparkalekuak eta beste hainbat puntu izan dituzte kontuan beren lanetan. Kultur etxeko aretoa jendez gainezka egon da eta bertaratuek txaloz jaso dituzte proposamen guztiak.
Prozesuaren hurrengo pausoa proiektu horietako bat aukeratu eta gauzatzea izango da.