«Landa medikuaren jardunean bakardadea da gauzarik zailena»
Ezkio, Itsaso eta Gabiriako medikua da Otegi, eta kontsulta bana dauka hiru tokietan; autoan lotzen du Mandubitik Aztirira arteko bidea. "Edotariko" gisa deskribatu du familia medikuaren egitekoa.
Bisitak egiten al dituzu herritarren etxeetara? Bai; nik eta erizainak. Erizaina bakarrik joaten da batzuetan, sendatzeko lanak izanez gero; kontrolak egitera joaten naiz ni. Dena mendi puntan dago inguru honetan, eta hori da, akaso, zailena. Hori, eta bakardadea. Beste familia mediku batzuen aldean, kopuru erdia daukat nik; 800 bat lagun dauzkat Ezkio, Itsaso eta Gabiria kontuan hartuta. Norbaitek pentsa lezake jende gutxiago izanda lana errazagoa dela, baina ez da hala; bestelako zailtasunak ditu gureak. Bakardadea aipatu duzu… Gure egunerokoan, herritarrekin batera zalantzak sartzen dira ate horretatik. Ona da lankideak ondoan izatea, zalantzak argitzeko eta zer egin argitzeko. Egun batzuetan, bost ordu ere igarotzen ditut segidan bakarrik, eta, hain zuzen ere, niretzat bakarrik lan egitea da zailena. Larrialdietan ere bakardadea ez da gozoa. Pentsa norbaiti bihotzekoa ematen diola… Leku handietan taldeka ibiltzen dira profesionalak. Gurean, ordea, bakarrik joaten gara batera eta bestera, eta, gehienez, erizainarekin. Abisua jasotzen duzun unea da zailena, gaixoa ikusten duzun arte gauza asko etortzen zaizkizulako burura. Autoa hartu, eta harengana iritsi behar duzu. Baina, tira, badakit bidea bakarrik egin beharko dudala, eta luzerak ez nau horrenbeste kezkatzen. Abentura bat baino gehiago bizi izango zenuen urteotan, ezta? Nahiko gauza gutxi kontatzen dugu medikuok, baina jakina abenturak bizi izan ditudala. Herritarrak dei zaitzake, esaterako, behiak ostikoa eman diola eta hanka hautsita daukala esateko; erleei buruz ere aritzen gara hizketan kontsultan [estu dabiltza erle asiarrarekin]; udazken-udaberri partean orkatzen gorabeheran ibiltzen gara errepidean… Gustuko dut naturatik hain hurbil egotea. Bertakoek eusten al diote garai bateko eskertzeko moduari? Herriak bere garaian medikuari jarritako etxea da kontsulta dagoena. Lehen, bertako bizilaguna zen medikua. Adineko jendeak garai haiek bizi izan ditu, non oilorik onenak gordetzen zituzten apaizarentzat, medikuarentzat edo aguazilarentzat. Adinekoekin batera desagertuko dira ohitura haiek. Ezkio, Itsaso eta Gabiria nolakoak dira medikuaren begietara? Une latz batean iritsi nintzen ni. Bailara honetan autobidea egin zuten alde batean, eta abiadura handiko trena bestean. Nekazaritzari lotuta bizi dira hemen, eta desjabetzeak izan ziren lan handi horien harira. Bertakoek asko sufritu zuten lur mugak zirela eta ez zirela. Azken zortzi urteotan sekulako eraldaketa izan du Ezkiok. Gainek berdintsu diraute, baina etxebizitza berri asko egin dituzte errepide ondoko herrigunean. Nik, halere, nire kupoan ez dut sumatu demografia aldaketarik; ez gora, ez behera. Eta nolakoak dira herritarrak? Gorriak ikusitakoak dira hemengo adinekoak. Eutsi egiten diote, minari eutsi ere. Haitzen modukoak dira. Baserrian lanean aritu dira; kanpoan lan eginda ere, lanetik baserrira itzuli, eta lanean jarraitu dute atsedenik gabe. Izaera ere halakoa dute. Egin ahal dutenera arte egiten dute, baita osasunari dagokionez ere. Kolpe bat hartu, eta eutsi; bihotzekoak eman eta minari ordutan eusten diotenean sortzen da arazoa. Azkar asko jakiten dut zer edo zer badaukatela zer daukaten galdetu eta larri daudela edo tristura daukatela erantzuten badute. Hemendik ospitalera bidaltzen ditugunean, han jada jakiten dute zerbait egon badagoela. Antzekoa gertatuko da Gipuzkoako landa mediku guztien kasuan.«Bizitzak bere bidea eginarazten dizu, baina norberak ere maneiatzen du zer edo zer, eta ni herri txikietan aritu naiz beti»
«Gorriak ikusitakoak dira adineko hauek, eta, larri daudela diotenean, badakigu zer edo zer egon badagoela»