Ordiziako Garagunea eta Javier Arrieta eskulturgilea, Goierrira GHiltza saioan
Labetik ateratzeko prest dago jada Goierrira GHiltza telebista saioaren apirileko atala. Hil honetako saioan, Ariane Vierbücher kazetaria Ordiziako Garagune zentroan izan da; adimen urritasuna dutenei aktibitate ezberdinak eskaintzen dizkie eguneko zentro horrek, eta bertako arduradunen eskutik, barrutik ezagutu ahal izan du bertako egunerokoa.
Arkaitz Apalategi berriz, Javier Arrieta eskulturgile zegamarrarekin izan da. Pasa den astean albiste izan zen Arrieta, Ordiziako Artzain Egunean inauguratu zuten Peru, artzainen omenezko eskultura dela eta. Aurretik, Ordiziako plazan dagoen Goizane, feriako emakumeen omenezko lana ere berak egin zuen. Beasainen duen tailerrean izan dira, proiektu horien berri izan eta bere lanbidea hobeto ezagutzen.
Saioa gaur gaueko 22:00etatik aurrera eskainiko du Goierri Telebistak, eta bihartik aurrera, ikusgai izango da goerri.hitza.eus eta gitb.eus webguneetan.