Santikutz jaiak lehertzear daudenean, Legazpiko Udalak festen gaineko azken oharrak eman ditu.
Legazpiko Gazteak kirol elkarteko pilota sailak antolatutako pilota txapelketen finalak bihar jokatuko dira Urbeltz frontoian. Goizean gaztetxoen finalen txanda izango da eta arratsaldean, 17:00etatik aurrera, herri mailako helduen txapelketako finala jokatuko da.
Zehaztu dute gutxi-asko profesional mailako partiden kartela. Partidak maiatzaren 3an izango dira Urbeltzen. Mendizabal II-Erostarbe eta Arretxe II-Erasun neurtuko dira lehenengo partidan. Bigarrenean Olaizola II edo Bengoetxea-Larunbe eta Elezkano-Zabaleta edo Rezusta. Sarreren salmenta egunean zehar egingo dute 10:00etatik hasita 13:00etara eta 15:30etik 17:30era; prezioa 30 eurokoa da eseritakoak eta zutik 15 eurokoa.
Bazkariak
Biharko kuadrilla bazkarira baserritar jantzia janzteko deiari azpimarra egin diote eta familia bazkarirako txartelik ez dela geratzen ohartarazi dute; nolanahi ere, nork bere bazkaria eramateko aukera dagoenez, nahi duten familiak gehitu ahal dira.
Gure Esku Dago dinamikak antolatutako ekintzen barruan, Gozategiren kontzertuaren aurretik ikus-entzunezkoa eskainiko dutela iragarri dute; ikus-entzunezkoa 22:00etan emango dute eta kontzertua 23:30ean izango da.
Haurren udalbatza
Haur eta gazte danborrada maiatzaren 1ean izango da eta eguraldiak ez badu laguntzen Bikuña kiroldegian egingo dute danbor ekitaldia. Aurtengo udalbatza honako haurrek osatuko dute: Odei Aizpeolea, Saioa Ibarburu, Malen Sanz, Iban Gutierrez eta Miguel Sabrak.
Maiatzaren 4ko Tor magoaren emanaldia tokiz aldatu dute azken orduan. Kale Nagusian iragarrita zegoen arren, ikuskizunak behar dituen baldintzengatik, Euskal Herria plazan izango da.
Goazen!
Goazen! telebista saioko lantaldeak Legazpiko jaietarako espresuki antolatutako dantzaoke-karaokea aurkeztuko du maiatzaren 2an, 17:30ean. Saioaren gidari izango dira: Lorea Iribar, Haritz Morras eta Asier Burgetek.