Sukaldaritzaz eta institutuko garaiaz hitz egiteko hitzordua Zelai Ariztin
Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean sukaldaritzari buruzko mahai-ingurua egingo dute gaur, 18:30ean. Iñigo Perez eta Juanma Hurtado sukaldari urretxuarrek eta Josema Azpeitia gastronomian adituak parte hartuko dute. Ekitaldi hau Joxe
Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean sukaldaritzari buruzko mahai-ingurua egingo dute gaur, 18:30ean. Iñigo Perez eta Juanma Hurtado sukaldari urretxuarrek eta Josema Azpeitia gastronomian adituak parte hartuko dute. Ekitaldi hau Joxe Mari Iparragirre institutuaren 50. urteurreneko programaren barne antolatu dute eta hiru hizlariak ikastetxeko ikasle ohiak dira. Hitzaldiaren ondoren luncha egongo da Casino elkartean.
Perez de Lezeta, Martin Berasategiren ikaslea izan da eta egun bi jatetxe ditu Madrilen: Urrechu eta El Cielo de Urrechu. Espainian oso ezaguna da, Canal Cocinan aurkeztu dituen saioengatik eta aurkezle ezagunen saioetan egindako agerraldiengatik (Ana Rosa Quintana, Anne Igartiburu, Nieves Herrero…).
Hurtadok, berriz, Subijanarekin lan egin zuen. Bilboko Club Nautico jatetxeko sukalde burua izan zen eta ondoren Kabia jatetxea ireki zuen Zumarragan. Bertan, eskualdeko bizilagunek bere sormenaz gozatzeko aukera dute. Gainera, sukaldaritza ikastaroak ematen ditu.
Azpeitiari dagokionez, Ondojan aldizkaria argitaratzen du, Basque Culinary Center-eko irakaslea da eta 2012an Euskadi gastronomia saria irabazi zuen.
Legazpiko kazetaria bi sukaldariekin egoteko irrikatan da. Bi eredu oso ezberdin ordezkatzen dituztela dio. «Juanma umiltasunaren eredu da. Jatetxe txiki bat, lau lagunen artean gidatua, familiaren beharrei erantzuteko moduko ordutegia dute, komunikabideengandik urrunduta bizi da… Iñigo, berriz, oso mediatikoa da. Telebista saio askotan lan egin du eta liburu asko argitaratu ditu. Gainera, bere jatetxeetatik Madril eta inguruetako pertsonaia ospetsu guztiak pasa dira».
Sukaldean sukaldetik kanpo baino elkarren antz handiagoa dutela dio. «Iñigok prestatutako platerak ez ditut dastatu, baina lanaren ardatzak produktua, teknika berriak eta aurkezpen txukuna direla irakurri dut. Juanmaren filosofia antzekoa dela uste dut».
Institutuko oroitzapenak
Mahai-inguruan, sukaldaritzaz gain, institutuko ikasleak izan ziren garaiaz hitz egingo dute. Azpeitiak urte «oso politak» izan zirela esan du. «Garai hartan, 1984 inguruan, Legazpiko jen-dearentzat Urretxu-Zumarragara joatea sekulako saltoa zen. Hango jendea, orokorrean, gu baino aurreratuagoa zegoen parranda, musika, moda… kontuetan. Urretxu-Zumarragakoak beti modernoagoak izan dira. Txokearen ondoren, lagun asko egin genituen. Egungo gazteek ez dute herritik ateratzeko aukerarik unibertsitatera joan arte eta horrek pena ematen dit. Herriz aldatzea, jende berria ezagutzea… begiak eta burua irekitzeko balio zuen».
Garai hartako irakasleak ere gogoratzen ditu. «Andereño mitikoekin ikasteko zortea izan genuen: Arantxa eta Tere Artetxe, Koro Badiola, Maritxu Ugalde… Lehenengo urteetan txorakeria asko egiten genituen, baina azken urterako sekulako errespetua sentitzen genuen beraienganako. Oraindik errespetua eta miresmena merezi didate».