Larraitzen astelehenean egingo dute Aralarko larreak irekitzeko festa. Hiru hilabeteko atsedena utzi diote mendiari, belar berritu dadin. Hogeigarren urtea du neurri horrek, 1997an hasi baitziren
Otsailean, martxoan eta apirilean ganaduak Enirio-Aralarko Mankomunitateko lur komunetan bazkatzeko aukerarik ez du izan, hala agintzen baitu araudiak. Mendiari eta belardiei atseden hartzen utzi, eta, 1997tik ohitura denez, maiatzaren lehenean irekiko dute atzera goi mendietako bazkalekua.
Hogeigarren urtea du, beraz, Larraitzen larreak irekitzearen aitzakian egiten duten festak. Astelehenean izango da, 10:00etatik aurrera. Postuak, ganadu erakusketa, artisau, jaki eta tresnen salpostuak egongo dira Zamaoko atseden-lekuan.
Guztira, 18.600 buruk dute eskubidea Aralarren larratzeko: 17.000 ardi, 850 behi, 750 behor.
Doma eta ardi mozte saioak
Oscar Ferrer errioxarrak zaldi hezte erakustaldia egingo du (11:00), eta Daniel Tapia azkaindarrak ardi moztekoa. Langa 12:00etan irekiko dute, suziria lehertuta. Prestatutako behi multzo bati jare egingo diote mendirantz.
Bertsotan Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi, Jose Inazio Barberia kantaria eta Jesus Mujika eta Josu Puldain trikitilarien erromeria (17:30) izango da.