Gaur aurkeztuko dituzte, 17:00etan. 2016an 5.197 bazkide izan ditu; 188 berriak dira. 18.048 liburu mailegatu ditu, 4.386 euskarazkoak. Ebook-a ere aukeran dute 18 urtetik gorako erabiltzaileek

Olaia Eskitxabel, Laura Iglesias eta Iñigo Garcia aritzen dira Beasaingo Udal Biblioteka kudeatzen; 46.498 liburu eta 5.197 bazkide ditu liburutegiak, eta 2016an 18.048 mailegutza eskaini zituzten. Liburuak, dvd-ak, aldizkariak eta liburu digitalak (ebook-ak) dituzte erabiltzaileen zerbitzura. Haurrak dira erabiltzailerik finenak.
Gaurtik aurrera bi berrikuntza ere izango dituzte zerbitzua osatze eta aberaste aldera: batetik, liburu trukerako gunea sortu dute; eta bestetik, euskarazko liburu gomendatuen katalogoa argitaratu dute. Lehenengoaren kasuan, herritarrek etxean dituzten liburuak besteekin trukatzeko aukera eskainiko dute. Horretarako, etxetik eramandako edozein hizkuntzatako liburuari pegatina jarri eta liburutegi sarreran dagoen apalategian utziko dute; trukean, apalategiko bat eraman ahal izango dute etxera. Helduen liburuak jaso eta trukatuko dituzte; liburua egoera onean egotea da baldintza.
Euskarazko liburuak
Euskarazko liburu gomendatuen katalogoarekin, berriz, euskarazko literatura bultzatu nahi dute bibliotekako arduradunek; musika eskaintza ere azaltzen da. Izan ere, liburutegiko erabiltzaileen artean, batez ere «haurrek irakurtzen dute euskaraz; helduek gaztelerazko liburuak aukeratzen dituzte». Adinka banatuta, 28 liburuk eta hiru musika cd-ek osatzen dute katalogoa.
Digitala ere aukeran
Garai berrietara egokitzeko, irakurketa digitala ere eskura dute, liburu digitalen mailegutzarekin. Ebook aparailua ez dutenek aukera dute hilabetean maileguan hartzeko. Sei aparailu dituzte erabiltzaileentzat; 18 urtetik gorakoei zuzendutako eskaintza da.
DATUAK
· Liburu kopurua: 46.498.
· Bazkide kopurua: 5.197.
· Bazkideak adinaren arabera: Helduak 4.204, haurrak 951 eta besteak 42.
· Bazkide berriak: 188.
· Mailegu kopurua: 18:048. Horietatik 4.386 euskaraz· E-book maileguak: 205