«Etxe askotan Etxaburuko arrain-zopa jan dute Gabonetan»
Urretxuko Etxaburu jatetxeak ateak itxiko ditu gaur. Familia eta kuadrilla askoren jatetxe kuttuna da. Itziar Errasti (Bergara, 1964) da bertako sukalde-burua. Non lan egin zenuen Urretxura etorri aurretik? Bergarako Anttoni
Urretxuko Etxaburu jatetxeak ateak itxiko ditu gaur. Familia eta kuadrilla askoren jatetxe kuttuna da. Itziar Errasti (Bergara, 1964) da bertako sukalde-burua.
Non lan egin zenuen Urretxura etorri aurretik?
Bergarako Anttoni jatetxean hasi nintzen, 10 bat urterekin. Zenbat patata zuritu ote nituen! Ondoren, erretegi batean lan egin nuen. Hiru seme-alaba eduki nituen eta txikiak urte eta erdi zuenean Etxaburun hasi nintzen lanean. Txikiak 22 urte ditu jada.
Nolatan hasi zinen Etxaburun lanean?
Garai hartan koinata zen hemengo nagusia eta laguntzera etorri nintzen.
Zenbat nagusi eduki ditu Etxaburuk?
Madrildar batek ireki zuen. Bi urte eman zituen bertan. Ondoren, bere koinatak hartu zuen. Hark zortzi urte egin zituen. Haren atzetik bi langile egon ziren, horietako bat nire koinata. Ni izan naiz denbora gehien egon dena.
Nolatan hartu zenuen jatetxea?
Koinatak utzi egin behar zuen eta lan egiteko toki polita iruditu zitzaidan. Hemen esnatzea gauza zoragarria da. Txindoki eta Aizkorri ikusten dira eta ez daude bi egun berdin.
Orain taberna eta pisua salgai edo alokairuan jarri dituzue.
Nahiago dut alokairuan eman, zahartzaroa etxebizitza honetan ematea zoragarria izango bailitzateke.
Pena ematen al dizue uzteak?
Bai, baina seme-alabek ez dute jarraitu nahi, senarrak kamioiarekin lan egiten du eta nik eskuak gaizki ditut. Dena den, asteburuetan irekitzen ez dugunetik, hemendik kanpo mundu zoragarri bat dagoela ikusi dugu. Anaia duela urtebete hil zen, eta ospitalean zegoenean, jakin izan balu ez lukeela horrenbeste lan egingo esaten zuen.
Urretxuar eta zumarragar asko ere penatuta daude.
Batzuk larunbatero etortzen ziren, familia batzuk ospakizun guztiak hemen egin dituzte, batzuk ezkongabe ezagutu ditut eta egun hiru haur dituzte… Lagun asko egin ditugu.
Zergatik uste duzu eduki duzuela halako arrakasta?
Nik lema bat dut: nire seme-alabei emango ez niekeena ez dut jangelara aterako. Sukaldaritza tradizionala egiten dugu eta produktuari garrantzia handia eman diogu beti: Iñigo Agirre harakinaren haragia, Jaioneren arraina, Joxe Mariren ogia, Cruztarren fruta… Nire ama hil ze-nean 16 urte nituen eta oraindik ez nekien kozinatzen. Poliki-poliki ikasi dut. Gizon batek astebururo arrain-zopa eramaten du Donostiara eta familia askorentzat egin dugu arrain-zopa Gabonetan. Aste honetan arrain-zopa asko eskatu digute. Toki batzuetan lan gutxi eginda arrakasta lortzen dute. Badakit batzuk zer nolako haragi-bolak ateratzen dituzten, niri ere eskaintzen dizkidate eta… Haragi-bola horiek baino garestiago ordaintzen dut nik haragia. Jendeak haragi-bola horiek onak daudela esa-teak min ematen dit.