Ugaran bailara proiektu askoren lekuko
Gabiria eta Mutiloa artean dagoen Ugaran sakonak hainbat kalte jasan ditu, han garatu diren jardueren ondorioz. Oraindik meatze ustiaketaren eragina begibistakoa da, ...
Gabiria eta Mutiloa artean dagoen Ugaran sakonak hainbat kalte jasan ditu, han garatu diren jardueren ondorioz. Oraindik meatze ustiaketaren eragina begibistakoa da, adibidez, 25 urtera. 1970ean berrekin zion Exminesa enpresa kanadiarrak meatzaritzari Troi eremuan, batez ere zinka eta beruna erauzteko. Han dirau mea garbitzeko hondakin uren flotazio presak —argazkian—, hondoan materia arriskutsu eta toxiko geruzarekin. 1986tik 1993ra arte izan zen meategiaren lan handieneko garaia.
Ingurumenean erasan larriak sortu zituen meatze aktibitateak. Batetik, 1982tik 1993ra 16 hektometro kubo ur atera ziren galerietatik, eta maila piezometrikoa 435 metroko kotatik 192era jaitsi zuten Troiko akuifero urtsuan. 1993an, galerien barruko lurren ezegonkortasunak eragin zuen meategia ixtea.
Gauzatu ez ziren beste proiektu batzuk ere ibili ziren Ugaran bailararen gainean, hegan. 1850eko hamarkadan, Norteko Trenbidea eraikitzeko bi trazatu handik diseinatu zituzten. Bat, Legazpitik Atagoitin barrena marraztu zuten, Ormaiztegira zuzen jaisteko. Bestea, Gabiriako herrigunearen beste aldetik, muinoaren gerri-bueltan bira bat eginda, Ugaranean Troi aldera zeharkatuta. Azkenean, jakina denez, mendiaren beste aldetik egin zuten.
Gauzatu zena, Barnaola-Ormaiztegi meatze trenbidea izan zen, bailararen goialdetik. 1900ean ireki zuten, 5,7 kilometroko.
Gipuzkoako Diputazioak Oñati-Ormaiztegi errepidea ireki zuen, bestetik, 1846an. Kontatzen denez, Oñatik Gipuzkoan sartzeko (1845ean ) jarritako baldintza bat errepide hori izan zen.
1960ko hamarkadan, berriz, Iberduerok argindar zentrala kokatzeko hautagai izan zen Ugaran bailara. Lekua ikusten izan ziren, Gabiriako alkatearekin batera. Azpiegitura hartatik ere libratu zen, ordea. Alboko ibarrean, Alegia eta Santa Lutzia artean altxatu zuen gero Iberduerok zentrala, Gabiria-Itsaso artean.
Kezka handiena, harrezkero, Eztanda urtegiaren proiektuak ekarri zuen bailarara. Gipuzkoako Diputazioak 1972an aurkeztu zuen Ugaranean 7 milioi metro kubo ur bilduko zuen presa egiteko asmoa. Oria bailara hornituko zuen, batez ere asko hazia zen Beasain. Urtegiko obrak hasi zituzten, 330 milioi pezetako aurrekontuarekin. Errepide berria ireki zuten, lehengoa (Oñati-Ormaiztegi) urpean geratuko zelako. 17 baserri eta nekazaritza-lur onen 50 hektarea hartuko zituzkeen. 1979an baztertu zuen asmoa.