Kempo eskolak 35. urteurreneko erakustaldia egin du Beasaingo Antzizar kiroldegian
GUSKE Shorinji Kempo Eskolako kideak, gaur, Beasaingo Antzizar kiroldegian, erakustaldia hasteko zain. Arg.: I. Gurrutxaga
Beasaingo Antzizar kiroldegian hasitakoa erakustaldi erraldoi bat eginez ospatu du Goierri Urola Shorinji Kempo Eskolak (GUSKE). Artean kiroldegia inauguratzear zela, Shorinji Kempoa izan zen Antzizarrek hartu zuen lehen kirol jarduera, orain 35 urte. Urteurren hori dela eta, Nazioarteko Topaketa egiten ari dira atzo hasita. Gaur eguerdian erakustaldi irekia egin dute 280 bat lagunek, horietatik heren bat hainbat estatutatik etorriak –Japonia, Erresuma Batua, Suitza…–. Juan Lasa GUSKEko kideak adierazi duenez, hiru belaunaldi elkartu dira gaur Antzizarreko kantxan.
Harmailak zein kantxa bete-bete eginda zirela, GUSKEko Jesus Ruizek eta Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak hartu dute hitza. Ruizek nabarmendu du urteurrena nazioarteko mailako Shorinji Kempo mintegi batekin uztartu nahi izan dutela. Tartean International Kempo Asociationeko (IKA) hainbat ordezkari ari dira jardunaldian parte hartzen. Mintegia Tameo Mizuno senseia (maisu nagusia) zuzentzen ari da. Mizuno “oso eskertuta” dago jasotako gonbidapenarengatik, eta adierazi du mundu guztiko Kempo taldeak ezagutzeko aukera izan duela, eta Goierriko taldeak “maila ona” duela.
Hasierako agurraren ondoren, helduak ilaratik atera dira eta gaztetxoen txanda izan da. Hasierako berotze eta luzaketak eginda, oinarrizko defentsa eta eraso ariketen erakustaldia egin dute. Horiek bukatzean, binakako eta taldekako ariketak egiten dituzte. Segidan, helduek binakako eta taldeko teknika konbinatuak –embu izenez ezagutuak– egin dituzte. Atzera ilaratan ipiniz eta amaierako agurra eginez bukatu dute erakustaldia.
Arratsaldean eta bihar jarraipena
Bazkaritarako tartearen ondoren, Filosofia (15:30), Entrenamendua (16:30), Bilera (19:00) eta afaria (21:15) izango dituzte gaur. Bihar 09:30ean ekingo diote atzera lanari (09:30), entrenamendua egingo dute gero (09:40), bazkaria 13:00etan, filosofia eta entrenamendua segidan, eta opari banaketaren bukatuko da jardunaldia 17:30ak aldera.