Hausnarketarako collageak
Egoitz Irizar beasaindarrak Kuragge proiektua jarri du martxan sarean, Txarli Gesteira eta Fer Apoa artistekin batera. Aldarrikapen ukitua duten collage digitalak jartzen dituzte bertan.
“Bakoitzak bere erara egiten dugu lan, eta munduari buruz daukagun ikuspegia azaltzen dugu hor” Egoitz Irizar (Kuragge gunearen sortzailea) “Irudimenaren edo sormenaren bidez ekintza bat egiten dugu; jendeari hausnarketa eginarazten diogu” Txarli Gesteira (Kuragge gunearen sortzailea)Internetetik hartzen dituzte gustuko irudiak edo balio dezaketenak, eta itzalak eta koloreak jartzen dizkiete Photoshop bidez. Antzeko teknika erabiltzen dute hirurek, eta patroi bera ere bai askotan: zuri-beltzeko irudiak hartu, eta irudi koloredunak txertatu, efektu jakin bat lortzeko. Espazioa asko erabiltzen dute, eta argazki zaharrek ere protagonismo handia daukate. Gesteirak, esaterako, Gure Gipuzkoa bildumara jotzen du bertako argazki zaharrak erabiltzeko: “Argazki interesgarriak daude, eta tarteka saiatzen naiz horiek erabiltzen”. Musika, elkargune Musika izan da hiru sortzaileen arteko lotura eta irudiaren mundura iristeko abiapuntua. “Txarli eta bion kasuan, kontzertuak antolatzen ibili gara urte askoan, nahiko giro amateurrean”, azaldu du Irizarrek. “Azkenean, taldeekin hitz egin, tratua egin, afaria prestatu, soinu ekipoa kargatu, kartelak egin… Geu aritzen gara guztia egiten”. Irizarri eta Gesteirari kontzertuetako kartelak eginez piztu zitzaien irudiak sortzeko zaletasuna, eta, gaur egun ere, Kuragge-rako egiten dituzten lanez gain, Alegiako eta Beasaingo gaztetxeek antolatzen dituzten ekitaldi eta kontzertuetarako kartelak egin ohi dituzte. “Gustatzen zait lan hori, eta hor jarraituko dugu erreleboa iritsi arte”, gaineratu du Gesteirak. Irizarrek, berriz, lagunen musika taldeentzako diskoen maketazioak ere egiten ditu; azkenaldian horrelako hiruzpalau egin dituela adierazi du. Ateak zabalik ditu proiektuak. Horren erakusgarri, musika mundutik ezagutzen dituzte Hodei Esteban eta Eider Iturriaga, eta horiek collageren bat edo beste egin izan dute. “Gurekin harremanetan jar daiteke parte hartzeko interesa duena, webgunean iruzkin bat idatziz, adibidez”. Webgunean iruzkin asko jasotzen ez badituzte ere, badakite jendeak ikusten dituela lanak. Irizarri, adibidez, Kuragge-n jarritako irudi bat eskatu zion musika talde batek kartel bat egiteko. Gesteirak, berriz, konexio berezi bat izan zuen lanetako batekin: “Niña Coyote eta Chico Tornado taldekoek esan zidaten azken diskoa pasatuko zidatela. Diskoa jaso baino egun bat lehenago, kasualitatez, collage bat kargatu nuen, eta asteroide bat ageri zen bertan. Diskoa bidali zidatenean, Koldok, taldeko kide batek, aipatu zidan collagea ikusi zuela”. Diskoa entzuteko esan zion, eta hitz egingo zutela. “Asteroide izenekoa zen hirugarren abestia, eta lotura handia zuen nik egindako collagearekin”. Kolaborazioak ere gustura hartzen dituzte. “Niri gertatu izan zait irudiren bat egin eta testua garbi izatea, baina abestia aukeratzeko laguntza eskatzea”, aitortu du Gesteirak. “Horrek aukera eman dit ezagutzen ez nituen taldeak eta abestiak ezagutzeko”.