Aierberen errekorra, 41. urtean 12 segundo soilik behera
Joxe Aierbe Azurmendik (Ataun, 1943) herri kiroletan sona handia lortu zuen marka jarri zuen, 1976ko azaroaren 21ean, igandea, Gasteizko zezen-plazan. Sei urte lehenago berak ezarria zuen errekorra hautsi zuen, gainera: kana erdiko 20 pago enbor aizkorarekin ebaki, eta jarraian 20 kilometro korrika egin. Aise hobetu zuen denbora: 2:09:39 ordu.
‘Herri kirolen maratoi’ deitzen zaion proba horren markak 40 urte eta erdi iraun du. Atzo hobetu zuen Xabier Orbegozo Arria V.a aizkolari errezildarrak. 12 segundo beheratu du Aierberen marka: 2:09:27. Aizkoran 42:10 minutuan bukatu zituen 20 enborrak. Ondoren, kilometro gehienak 4:20 minutuko batez bestekoarekin osatu zituen.
Aierbe korrikalari hobea zen, Arria baino. Gasteizko proban —6.000 ikusle bildu ziren, eta 3 gradu zegoen— korrikaldia 1:21:49 orduan bukatu zuen, 4:05eko erritmora. 1970ean, Tolosan, herri kirolen maratoian jarritakoa baino 25:51 minutu hobea egin zuen denbora Aierbek Arabako hiruburuan.