«Beti jarraituko dut musikaz gozatzen eta musika egiten»
Leire Agirre (Lazkao, 1999) musikaz inguratuta bizi da. Pianoa jo eta abestu egiten du; musika sortzen ere hasi da. Herriko Xanbe abesbatzan ...
Leire Agirre (Lazkao, 1999) musikaz inguratuta bizi da. Pianoa jo eta abestu egiten du; musika sortzen ere hasi da. Herriko Xanbe abesbatzan hasi zen kantatzen, zazpi urte zituela. Handik aurrera musika eskolan izena eman eta musikaren arloan murgilduta bizi da. Bere bizitzako zati garrantzitsua da musika.
The Kites taldearekin ezagunak egin zineten ETB1eko A ze Banda! saioan. Nola gogoratzen duzu esperientzia hura?
Bost lagun batu ginen eta taldea sortu genuen. Finalera ailegatu ginen. Guk ere oso ondo pasatu genuen, oso ondo moldatu ginen elkarrekin, oso lagunak egin ginen, eta oraindik mantentzen dugu harremana.
Bide bat ireki zen?
Bueno, ez dakit. Gero Pausokarekin eta ETBrekin harremana mantendu genuen, eta hainbat programatara ere joan ginen kantatzera, gonbidatu bezala. Baina bakoitzak bere ikasketak egiten ari gara eta taldeak ez du bizirik jarraitzen. Bakoitzak bere bidea jarraitu du.
Zu orain dela gutxi, You Tuben ikusi zaitugu, Ataungo elizan, Hallelujay abesten. Nola sortu zen aukera hori?
Jon Munduate ataundarra nirekin etortzen da musika eskolara. Antza denez, Ataungo Udala webgunea berritzen ari da eta interes puntuen barruan bideoak egiten ari dira Ataungo gazteekin. Laguntzeko esan zidan.
Gustatuko al liltzaizuke abeslari izatea?
Bai, gustatuko litzaidake bai. Nik argi daukat, egiten dudana egiten dudala, musikarekin harremanetan jarraituko dudala eta musikari izaten jarraituko dudala, eta kantatzen jarraituko dudala. Abeslaria izatea da nire ametsa, baina zaila da.
2. Batxilerra egiten zabiltza. Musika aldeko ikasketak aukeratuko dituzu?
Ez dakit oraindik ziur. Aukeratzeko garaia da, baina oraindik ez dut erabaki, zalantzatan nago.
Zein musika estilo gustatzen zaizu gehien?
Denetik entzuten dut. Pop zaharra, pop-rocka, heavya ere bai… orain jazz munduan hasi naiz sartzen. Garrantzitsua da denetik ezagutzea iritzi bat edukitzeko, garrantzitsua da sakontzea.
Zein da zure helburua musikan?
Musikaz gozatzea da, beti jarraituko dut musikaz gozatzen eta musika egiten.