Urrezko Aizkolarien kanporaketak eta bakailao lehiaketak jokatu dira, Lazkaoko festen azken egunean. Krosa, play-backa, pilota... hamaika zertzelada utzi dute.
Ikuskizun sorta batekin bukatu dira aurtengoz Lazkaoko San Prudentzio festak. Atzo, eguerdian 29. bakailao lehiaketan 14 bikotek parte hartu zuten. Iñigo Bikuñak eta Joxe Antonio Intsaustik irabazi dute. Epaile Fernando Loinaz, Pakita Tejados, Maite Garmendia, Pako Tejados eta Juanjo Martinez de Rituerto izan dira.
Pare-parean, Urrezko Aizkolarien binakako txapelketako hiru kanporaketa jokatu dira, plazan. Aizkoran, Ugaitz Mugertzak egin du aurrera (15:50), Mieltxo Mindegia kanporatuta (17:21). Iñaki Azurmendi arriarandarrak ere sailkatzea lortu du (16:51), Luis Txapartegirekin (18:16) buruz buru. Harri jasotzen, Mikel Lopetegik irabazi dio Iñigo Eizagirreri, biak zarauztarrak.
Asteburu luzea San Prudentzio egunarekin hasi zen, ostiralean. Prozesioa eta ermitan meza Imanol Prietok eman ondoren, soka dantzan 8 zinegotzi atera ziren.
Pilota txapelketa Unai Bereziartu-Julen Galparsorok irabazi dute, Asier Alonso-Jon Barreros 22 eta 15 menderatuta. Aurretik, Ioritz Garmendia-Adur Arratibelek 10, Ioritz Perez-Aitor Irizarrek 22 egin zuten.
Kros mistoan 51 bikote irten ziren. Izaro Rubio-Mitxel Cuadrado ordiziarrak dira garaile (20:24). Nerea Gambra-Cesar Fernandez (20:49), eta Veronica Dominguez-Urko Gorrotxategi (21:03) sailkatu dira gero, gasteiztar-lazkaotar bikoteak biak. Lehenik, haurren hiruzpalau lasterketa izan ziren.
Larunbata Umeen Eguna izan zen, hiru jolas parkerekin. Play-backean 14 talde aritu ziren, plaza beteta zela; 8k euskaraz kantatu zuten, 5ek ingelesez eta batek gaztelaniaz. Euskarazko saria Huntza kuadrillaren Inundik inoare abestiarentzat izan da, 1. mailako saria Euskaraz bizi nahi dut, 2. saria Little Mix taldearentzat, eta 3.a Electric Trolls.
Igandea, Kuadrillen eguna, aterpe bila ibili beharrekoa izan zen, euriagatik. Vendettak jendetza erakarri zuen, gauean.
Sevilla garaile txirrinduan
Lazkaoko 74. Proba, igandean, Diego Pablo Sevillak (Polartec-Fundacion Contador, 3:08:02) irabazi du, 2. Peio Goikoetxea (Ampo, 3:08:31) eta 3. Iker Azkarate lazkaotarra (Caja Rural, 3:08:31) zirela. Mendiko saria Azkaratererentzat izan da.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.