Euskal Gaztaren Azoka ospatuko dute asteburuan Idiazabalen, aurrenekoz
"Euskal gaztaia, euskal paisaia" lemapean egingo dute Gaztaren eguna ordezkatuko duen jaia. Idiazabal obra ere aurkeztuko dute igandean
Orain arte Gaztaren eguna bezala ezagutu izan denak formatu aldaketa izan du, eta aurtengoa Euskal Gaztaia, Euskal paisaia lemapean borobilduko da. Euskal gaztaren filosofia eta errealitatea lau zutabetan oinarritzen direla azaldu dute, eta horiek azpimarratu nahi direla: paisaia, ardi latxa, artzaina eta gazta.
Euskal gaztari esker, «euskal artzaintza lanbide bezala ziurtatzea posible» dela nabarmendu du Imazek, eta baita «ardi latxaz osaturiko artaldeak egotea ere». Horrez gain, «paisaia eta ingurunea txukun mantentzea eta baliogarria izatea ahalbidetzen» duela ere esan du. Kontsumitzaileak ere «gazta erostera animatu» ditu, «gure produktua balioan jarriz».
Idiazabal obra
Gaurko aurkezpen ekitaldian, Idiazabal obraren aurkezpena ere egin dute. Iñaki Palacios abestiaren egileak «Idiazabal herriaren izen ona eta marka goraipatu» nahi izan ditu lan horrekin, «bertako ohiturak eta kultura» islatuz. Aurkeztutako pieza, «artzainei egineko omenaldia» dela argitu du egileak.
Koreografia Gasteizko Mulixka dantza taldeak osatu du eta Korrontzi taldeko Agus Barandiaranek ere parte hartu du trikitiarekin.
EGITARAUA: Larunbata, 6 · 11:00. Azokaren irekiera. · 11:30. Txalaparta tailerra Mikel deunaren plazan. (17:30ean ere emango dute.) · 12:00. Mami txapelketa eta Ardi latxa esnea; mamia, gazta eta gehiago showcooking saioa, Iban Materen eskutik. · 13:00. Mami txapelketako sari banaketa · 16:30. Gatza egiteko tailerra Mikel Deunaren plazan. · 18:30. Gazta dastaketa komentatua Plaza Nagusian. Igandea, 7 · 10:00. Azoka irekiera. · 11:00. Idiazabal dantzaren aurkezpena. · 11:00. Txapelketa herrikoiaren hasiera. · 11:30. Artaldea herritik pasako da, eta ondoren ardiei ilea mostuko zaie. · 13:30. Omenaldia artzain izandako Jose Luis Imazi. Gatza egunaren antolakuntza ere omenduko dute. · 14:00. Euskal Herriko gazta sari banaketa. · 16:00. Familientzat gazta dastaketa, gaztaren interpretazio zentroan.













