Zuhaitzaren Soinua taldeak dokumentala egin du 25. urteurrena ospatzeko
2017an Urretxu eta Zumarragako ikastolak, institutuak, Irrintzi dantza taldeak eta Antxiñako Ama txistulari taldeak 50 urte bete dituzte. Baina 25 urte beteko dituen talde bat ere badago: Zuhaitzaren Soinua txalaparta
2017an Urretxu eta Zumarragako ikastolak, institutuak, Irrintzi dantza taldeak eta Antxiñako Ama txistulari taldeak 50 urte bete dituzte. Baina 25 urte beteko dituen talde bat ere badago: Zuhaitzaren Soinua txalaparta taldea.
Larunbat honetan ospatuko dute urteurrena, Labeaga are-toan. Txalapartak bi herriotan osatu duen ibilbideari buruzko dokumentala aurkeztuko dute eta ondoren kontzertua egongo da. Ekitaldia 19:00etan izango da, Labeaga aretoan.
Jesus Mari Dominguez Bullik beraiek ere zerbait berezia egin nahi zutela esan du. «Aurten urteurren asko daude Urretxu eta Zumarragan eta guk ere gurea ospatu nahi genuen. Horretarako, dokumental bat egitea erabaki genuen».
Uhinak du izenburua eta txalapartak Urretxu eta Zumarragan osatu duen ibilbidea jasotzen du. «Nola heldu zen bi herri hauetara, nork jotzen zuen, zein talde egon ziren gurea baino lehen…».
Instrumentu hau duela 40 urte heldu zen bi herriotara eta egun ekitaldi guztietan txalapartaren soinua entzun daiteke. «Uhin baten modukoa da. Ez dugu txalaparta eskolarik, baina instrumentu hau toki guztietan azaltzen da. Gurea egin dugu. Herri gutxitan du horrenbesteko indarra. 40 urte daramatza Urretxu eta Zumarragan: gu joango gara eta beste batzuk etorriko dira».
Dokumentalak 50 minutuko iraupena du eta bertan txalaparta jo duten urretxuar eta zumarragar asko ageri dira. Tartean, aitzindarietako batzuk.
Kontzertua
Aurkezpenaren ondoren, 20 bat minutuko kontzertu bat eskainiko dute. Andoni Salamero poetak, Lurra eta Irrintzi dantza taldeek, Gorka Hermosa akordeoilariak, Iban Nikolai albokariak, Ane Aierbe pandero-jotzaileak… parte hartuko dute.
Urtebetetze festa bat izango da. Eta urtebetetze festak ez dira errepikatzen. Dokumentala ikusi nahi dutenek aukera bakarra dute: larunbatean Labeaga aretora joatea. «Ez dugu DVDrik argitaratuko. Jendea larunbateko festara joatea eta dokumentala bertan ikustea nahi dugu».
Joan nahi dutenek gonbidapena eskatu behar dute. Gonbidapenak gaur eta ostiralean banatuko dituzte: 18:00etatik 20:00etara, Labeaga aretoan bertan.
Bukatzeko, Bullik Gattikeneko Aritz Ormazabali eskerrak eman nahi dizkio. «Txalaparta jotzeko bikotea behar duzu. Nik beti norbait eduki dut ondoan. Oraingoan, Ormazabal izan da nire ondoan egon dena. Ez zen batere erraza guk nahi genuena dokumental batera eramatea eta Ormazabalek berehala ulertu zuen zer nahi genuen. Lan bikaina egin du».