Beasaingo Elkartasun Eguna, tortura hizpide hartuta
Arrano elkartea goraino bete egin da eguardi partean, Pako Etxeberria Aranzadi elkarteko mediku forentsearen hitzaldia entzuteko. Euskal Herriko tortura ikerketari buruzko proiektua azaldu du beasaindarrak. 1960tik gaur egun arte izandako tortura kasuak, salaketak eta testigantzak ikertzen ari da aditu talde bat. Testigantza eta argazki gordinak, datu zehatzak eta dokumentazio ugari azaldu du Etxeberriak Beasaingo saioan.
Solasaldiaren ondoren, taldeko argazkia atera eta herri bazkaria egingo dute Loinazko San Martin plaza azpian. Bazkalondoan, bertso musikatuak ere izango dira.
Arratsaldetik gauera, musika nonahi
Elkartasun Egunaren harira, kontzertu sorta antolatu dute gaurko herrian. Hainbat tabernatan eta gaztetxean ariko dira taldeak, arratsaldean hasi eta goizaldera erte. Lehenengo saioa, 17:30ean, Jalki tabernan izango da Gureran taldearekin; bigarrena, 18:30ean, Arrano tabernan Cloak 47 taldearekin; eta azkena, 19:30ean, berriz ere Jalkin, Debon taldearekin. Eguna bukatzeko, 23:00etan, gaztetxean izango dira kontzertuak, The Guilty Brigade, Bultz eta The Friday’s Crew taldeekin. 5 euro balio du sarrerak.
Elkartasuna 365 egun lemapean, euskal preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatzeko eguna egiten ari dira gaur Beasainen. Espainiar espetxeetan preso dauden hiru herritarrak gogoratu dituzte: Lierni Armendariz (A Lama, 700 kilometrotara), Mikel Azurmendi (Valentzia III, 600 km.) eta Iban Apaolaza (Granada, 830 km.); baita gaixotasun larriekin dauden presoak eta gainontzeko preso, iheslari eta errefuxiatu politikoak ere. Estatuaren “espetxe politika ankerra” salatu eta “guztiak etxean” nahi dituztela berretsi dute Beasaingo kaleetan.