Herri oso bat gaztaren inguruan
‘Euskal gaztaia, euskal paisaia’ lemapean, Euskal Gaztaren Azoka egiten ari dira egunotan Idiazabalen. Gaur goizean zabaldu dute feria, eta arratsaldean nahiz bihar egun osoz ere izango da zer ikusia. Jatorri izendapen ezberdinetako gazta postuz bete da herria. Areto futboleko kantxan, plazan nahiz eliza parean, dozenaka gazta mota ezberdin probatzeko aukera dago Idiazabal Gaztaz gain, Irati eta Erronkari euskal jatorri izendapenetako gaztagileak etorri dira, baina baita kanpoko beste batzuk ere. Horrekin batera, artisauen produktuak eta bestelako jakiak ere aurki daitezke. Artaldetxo bat eta euskal arrazako artzain txakurrak ere badaude ikusgai, txikienen gozamenerako.
Gazta Egunari jarraipena eman nahi dion azoka honen helburua «gaztaren kultura zabaldu» eta «paisaiari dagokion garrantzia ematea» dela azaldu dute antolatzaileek. Ioritz Imaz alkatearen arabera, euskal gaztari esker, «euskal artzaintza lanbide bezala ziurtatzea posible» da, eta baita «ardi latxaz osaturiko artaldeak egotea ere». Horrez gain, «paisaia eta ingurunea txukun mantentzea eta baliogarria izatea» ahalbidetzen duela ere esan du. Kontsumitzaileak ere «gazta erostera animatu» ditu, «gure produktua balioan» jartzeko.
Gaur arratsaldean gazta nola egiten den ikusteko tailerra izango da Mikel deunaren plazan (16:30). Gazta probatu nahi duenak berriz, dastaketa gidatua izango du plazan (18:30).
Biharko egitaraua: · 10:00. Azoka irekiera. · 11:00. Idiazabal dantzaren aurkezpena. · 11:00. Txapelketa herrikoiaren hasiera. · 11:30. Artaldea herritik pasako da, eta ondoren ardiei ilea mostuko zaie. · 13:30. Omenaldia artzain izandako Jose Luis Imazi. Gatza egunaren antolakuntza ere omenduko dute. · 14:00. Euskal Herriko gazta sari banaketa. · 16:00. Familientzat gazta dastaketa, gaztaren interpretazio zentroan.