Jon Ander Insausti: «Naturaz eta bizimodu lasaiaz gozatzeko tokirik egokiena da Mutiloa»
Murias talde apaletik Bahrain Merida World Tourreko egiturara jauzia eginda, txirrindularitzaren maila gorenean gozatzen ari da Jon Ander Insausti (Mutiloa, 1992).
Nola definituko zenuke zure herria?
Aizkorpe bailarako herri txiki eta lasaia da Mutiloa. Inguru paregabean dago herria, eta tokirik egokiena da naturaz eta bizimodu lasaiaz gozatzeko.
Zeintzuk dira bertan bizitzearen abantailak eta desabantailak?
Abantaila asko ditu herriak: lasaitasuna, estresik gabeko tokia izatea eta umetatik inguru paregabean hezteko aukera izatea, esaterako. Umeek beldurrik gabe jolasteko toki asko dago. Desabantaila gutxi ikusten diot herriari, baina, tira, bat aipatzearren, erosketak egiteko beti autoa hartu behar izatea.
Zein izan daiteke arrazoia hainbeste txirrindulari egoteko?
Belaunaldi ona eta oparoa tokatu dela, hori da, nire ustez, horrenbeste txirrindulari egotearen arrazoia. Umeentzat edo kirol jardunean hasten direnentzat beti izaten da pozgarria eta motibazio handikoa goi mailan gertuko txirrindulariak ikustea. Bestalde, Mutiloan eta Goierri guztian dauzkagun errepideak eta abantailak ez daude beste inon, eta oso lagungarria da hori ere.
Txirrindularitzaren maila gorenean zabiltza denboraldi honetan, Bahrain Merida taldean, Ion Izagirre lehengusuarekin batera. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?
Oso oparoa eta polita izaten ari da Bahraingo esperientzia, baina, aldi berean, baita exijentzia handikoa ere. Horrelako taldeetan ia akatsik gabe egin behar izaten dira gauzak, eta oso gogorra izaten da askotan.
Maila aldaketa nabaritu al duzu?
Aldaketa handia nabaritu dut, bai. Iaz ere profesionalekin lehiatzen nintzen, baina lasterketak ez ziren hain maila altukoak. Aurten, maila goreneko lasterketetan parte hartu dut, eta alde handia nabaritzen da. Talde barruan ere nabaritzen da aldaketa hori. Ezertxo ere ez zaigu falta, dena eskura dugu, eta behar dugun laguntza guztia jasotzen dugu. Baina, aldi berean, oso handia da exijentzia ere, eta, egituran horrenbeste txirrindulari on egonda, oso zaila da lasterketetako zortzikoetan postu bat lortzea.
Muriasetik Bahrainera joanda, zein izan da aldaketa nagusia?
Talde mailan nabaritu dut nik aldaketarik handiena; dena eskura daukagu, erraztasun handiak dauzkagu, arazoren bat-edo izanez gero, oso adi egoten dira une oro… Bestalde, lasterketetako antolakuntza paregabea da. Xehetasun txiki guztiak hartzen dituzte kontuan, eta zoragarria da horrelako antolakuntza dagoen talde batean egotea. Ume txikiak bagina bezala tratatzen gaituzte.