Gazteak nagusi Zeraingo 'Bertso txiki, saio handi' lehian
Bertsolari gazteen taldea nagusitu da Zeraingo ‘Bertso txiki, saio handi’ desafioan. Antolatzaileak “osu gustura” agertu dira larunbateko saioak emandakoarekin. Bazkaltzen 60 bat lagun izan ziren, eta goizeko saioak kontuan izanda, 100 entzuletik gora izan zirela azaldu dute. Saioetan “umorea, adar-jotzea eta giro aparta” izan zituzten eta “herri giro ederrean, bertsoaz gozatzeko abagunea” izan dutela dio ZerainLabek.
Goizean, herriko tabernetan egin zituzten saioak, eta eguerdian, Oiharte sagardotegian bildu ziren denak. Hango saioa “oso ondo” atera zela azaldu dute; “bertso maila oso oso ona, giroa eta umoera, hasieratik bukaerara bikaina”. Emaitzari dagokionean, 9 botoko aldearekin irabazi zuten gazteek. Lau lagun aritu ziren gazteen taldean: Eneko Araiztegi, Mikel Tapia, Aratz Igartzabal eta Maialen Akizu. Mikel Tapia Araiztegiren ordezko moduan aritu zen goizeko saioetan, baina bazkalondokoan biek parte hartu zuten. Helduenean berriz, Iñaki Murua, Mikel Mendizabal eta Millan Telleria.