Azokak, lehiaketak, erakusketak, idi probak, eta, batik bat, bazkariak antolatu dituzte baserritarren eguna ospatzeko. Gehienak San Isidro festaburuan dira, astelehenean. Gaur, Ataunen Uztarrotzek hitzaldia egingo du.
Aurten ere idi probak egingo dituzte Gabirian, Kortako eta Hernialdeko idi pareekin. // A. Maiz
Goierriko hainbat herritan baserritarren eguna ospatuko dute, San Isidro. Gehienek astelehenerako jarri dituzte ekitaldiak, hori baita eguna. Beste batzuek asteburura aurreratu dituzte.
Seguran astelehenean, 18:00etan hasiko da festa, frontoi zaharrean pilota partidekin (euria bada, Baratzen). Zugatz-Unax eta Ekai-Xuban; Joanes-Aimar eta Julen-Unai; eta Irati Otaegi-Anne Maiza eta Miren Larrarte-Maider Mendizabal lehiatuko dira, binaka.
18:30ean, bolatan jokatuko dute, Errebotean. Haurrak, 13-18 urte bitartekoak, helduak eta federatuak bereiziko dituzte. 20:00etan ardoa banatuko dute, Imanol, Unai eta Iñigo trikitilariekin. Gero, herri afaria dute.
Zerainen, etzi ospatuko dute baserritarren festa. 14:00etan herri bazkaria izango da, eliza-atarian. Herriko artzainen arkumea eta Lumagorri etxaldeko oilasko-hegoak jango dituzte, Mendarteko mahastiko zotzekin egindako sutan erreta. Txartelak Ostatuan eta Mandioan saldu dituzte. Aurrez, 13:00etan, kultur etxeko eraberritze lanak nola gelditu diren ikusi ahalko da. Liburutegia, mediku kontsulta eta itxaron-gela berritu dituzte.
Mutiloan, astelehenean, 12:30ean meza Lierniko Amaren ermitan entzun, eta gero bazkaria Mujika jatetxean izango da.
Herri askotan otorduak
Gabirian feria txiki bat antolatu du Kortak, jatetxe aurrean, astelehenerako. 12:00etan irekiko du. Inguruko baserrietako ganadua jarriko dute: Zuazola Garako astoak, Igeribar Azpiko behiak eta txahalak, Landetako behorrak eta oilaloka txitekin, Etxeberri-Bizkaiko txerria eta 7 txerrikume, eta Altzibarko «sorpresa bat». 13:00etan idi proba dute
Korta-ren idi pareak eta Hernialdekoak, 1.000 kiloko harriarekin, 20na minutuz. 14:00etan, bazkaria Kortan izango da, baserritarrek antolatuta.
Gaintzan, bihar 20:00etan, meza izango da San Migel elizan, eta afaria Oteñe erretegian.
Lazkaon ere afaria egingo dute, Lartxai elkartean, astelehenean.
Zaldibiako baserritarrek astelehenean Zelaa jatetxean dute bazkaria, 14:00etan. Urdaiazpikoa, entsalada epela, ganba eta porru milorria, legatza, azpizuna eta tarta (25 euro). Txartelak asteazkenerako erosi behar ziren, herriko tabernetan.
Brinkolan, astelehenean 21:00etan Armuño elkartean egingo dute baserritarren afaria.
Ataunen azoka egiten dute urtero, auzoz auzo. Aurten Aiaren txanda izango da; 2014an egin zuten han azkenekoz.
Ataunen lehiaketa, feria eta gaztari buruz hitzaldia
Ataunen, herriko baserritarren festa Aia auzoan ospatuko dute, aurten. Gaur, 19:00etan, Idiazabal Gazta jatorri izendapen kontseiluaren buru Joxe Mari Uztarrotzek Ardi gaztaren irakurketa teorikoa eta praktikoa hitzaldia egingo du, Haitzarri elkartean.
Astelehenean, azoka 10:30ean irekiko dute, Aiako Erroipe estalpean. Artzaintzako tresneria erakusketa jarriko dute, goizean zehar ikusgai uzteko. Esnetik gaztaraino eta artiletik hariraino, artzainen langintzak erakutsiko dituzte. Eskola-umeak ere joango dira.
Ohi bezala, Ataungo barazki, gazta eta ziza lehiaketak ere burutuko dituzte. Mikel Zeberio gastronomoa izango da epaile, eta parte hartu nahi duten herritarrak aritu ahalko dira. Sariak 13:30ean banatuko dituzte.
Baserritarrei aitortza ere egingo die udalak, ekitaldi xume batekin, 13:45ean. Egiten duten lana eskertuko die. Ondoren, 14:00etan, bazkaria Haitzarri elkartean izango dute. Santi eta Katxo trikitilariek alaituko dute festa.
Lehiaketei dagokienez, barazkietan lau sari emango dituzte, 60, 50, 40 eta 30 eurokoak. Ataungo edonork parte har dezake, beti ere norbere barazkiekin, eta herrian hazitakoekin. Gutxienez lau barazki mota aurkeztu behar dira.
Ziza eta gazta lehiaketetan hiruna sari jarri ditu udalak, 30, 20 eta 15 eurokoak. Zizen presentzia eta kalitatea, eta gazten presentzia, gustua eta usaina baloratuko dituzte. Horiek ere ataundarrentzat dira.