Sahara Krosak 5.500 euro bideratuko ditu aurten Saharako garapen proiektuetarako
Ormaiztegin otsailean egindako Sahara Krosean bildutako dirua Gipuzkoako Sahara Herriaren Aldeko Lagunak elkarteari eman diote, gaur arratsaldean egin duten ekitaldian. Aurten 5.500 euro bildu dituzte, korrikalarien izen-emateen eta laguntzaileen ekarpenen artean.
Antolakuntza taldeko Iñaki Amundarain gustura agertu da, aurten ere “diru mordoxka” bildu dutelako. “Krisi garaian eta jaitsiera izan zen laguntzetan, baina berriz buelta eman diogu eta kopuru polita da”.
Aurten 11. edizioa egin du lasterketak, eta bertan bildutako dirua Gipuzkoako Sahara Herriaren Aldeko Lagunak elkarteari ematen diote urtero. Hark Saharar gobernuari bideratzen dio, eta handik erabakitzen dute zer proiektu finantziatzeko erabili. Orain arte, hezkuntza berezirako gune bat, emagin postu bat, negutegi bat edota orotariko ibilgailu bat finantziatzeko erabili dute dirua; iaz esaterako, elikagai karabana laguntzeko erabili zuten.