UZ Trail mendi lasterketako korrikalariek ez dute Zumarraga zapalduko
Igande goizean UZ Trail mendi lasterketa egingo dute Urretxun. Aurten bi berrikuntza garrantzitsu egongo dira: irteera eta helmuga Iparragirre plazan egongo dira eta korrikalariek ez dute Zumarraga zapalduko. Igandean ekitaldi
Igande goizean UZ Trail mendi lasterketa egingo dute Urretxun. Aurten bi berrikuntza garrantzitsu egongo dira: irteera eta helmuga Iparragirre plazan egongo dira eta korrikalariek ez dute Zumarraga zapalduko. Igandean ekitaldi asko daude bi herrietako kaleetan eta antolatzaileek lasterketa Urretxura mugatu behar izan dute, bidegurutzeetako segurtasuna bermatzerik ez zegoelako.
Beti bezala, antolatzaileek bi ibilbide prestatu dituzte: bata 10 kilometrokoa eta bestea 20koa. Parte hartzaileek Irimo mendian korrika egingo dute. Ibilbideak azken unean prestatu behar izan dituzte.
Korrikalariak 10:00etan abiatuko dira. Parte hartu nahi dutenak izena emateko garaiz dabiltza oraindik. Gaur eta bihar eman dezakete izena, kirolprobak.com webgunean. Antolatzaileek, Goierri Garaia Mendi Lasterketa taldekoek, 200 lagun inguruk parte hartzea espero dute.
Gizonezkoen artean, faborito nagusia Aritz Egea korrikalari urretxuarra da. Izan ere, denboraldi bikaina osatu du orain arte eta hilaren 28ko Zegama-Aizkorri gogo handiz prestatzen ari da. Emakumezkoei dagokienez, faborito nagusia Sandra Sevillano da.
UZ Trail mendi lasterketa Goierri Kopa Trailerako baliagarria da. Segurako probaren ondoren, liderrak Juanjo Igartzabal zumarragarra eta Elena Calvillo beasaindarra dira.
Lasterketa motzen Goierri Kopa Sprint ligako liderrak, berriz, Gaizka Romero legazpiarra eta Nerea Rosa (Ataun-Zegama) dira.