Ataunen barazki, gazta eta ziza lehiaketak egin dituzte, herrian ekoitziak edo bilduak denak. Gabirian, idi proba eta abere erakusketa. Otorduak egin dituzte nekazariek, herri askotan.
Baserritarrek egun handia izan zuten, atzo. San Isidro ospatu zuten, herri askotan otordu bereziak egiteko elkartuta. Egunean zehar, Ataunen eta Gabirian beste ekitaldi batzuk ere izan ziren.
Ataunen, nekazaritza lehiaketak Aia auzoan egin zituzten, txanda han egokitzen baitzen. Erroipe aterpean ikuskizun aparta atondu zuten. Lau baserritatik barazki sortak aurkeztu zituzten, eta Ataungo 10 etxetako ardi-gaztak probatu zituzten.
Zizak ere baziren, saskikada polita, Sutegiko Txomin Cidek bilduak. Epaileak, entzutetsuak: Mikel Zeberio gastronomoa, Ramon Roteta, Joxe Juan Castillo eta Juan Antonio Zaldua sukaldariak; azken hori Athleticeko atezain izana da.
Omenaldia eta sariketak
Eskola-umeek ere bisita egin zuten, atzo, Aiaraino. Txulo baserriko Joxe Manuel Begiristainek gazta han bertan egin zuen. Artzaintzako bilduma etnologiko txiki bat ere jarri zuten. 13:30a aldera sariak banatu zituen udalak. Barazkietan, lehen laurak Martin Arruabarrenak, Joxe Manuel Begiristainek, Roman Gomesek eta Pili Eskisabelek jaso zituzten. Gaztatan, Josu Aldasorok, Mariano Imazek eta Sandra Clivillek. Zizatan, Cidek.
Haitzarri elkartean bazkaldu aurretik —40 bat lagun—, Ataungo baserritarrak omendu zituzten, bi bertso kantatuz.
Idi proba Gabirian
Gabirian, Korta jatetxean animalia erakusketa eta idi proba egin zuten, eguerdian. Hernialdeko Mirandak erabili zuen lehen uztarria, eta 41 plaza osatu zituen, aparkalekuko sarreran atondutako plazan. Jose Inazio Soraluzek, bigarren txandan, 42 plaza osatu zituen. Baserritarren bazkarian dozena bat lagun elkartu ziren.
[ARGAZKI GALERIA]: Ataungo eta Gabiriako ospakizunak.
Egilea: Aimar Maiz