Mario Gallegok (Legazpi, 1977) autoekoizpenaren bidea hartu zuen 'La ruleta fria' bere ipuin bilduma argitaratzeko. 100 ale atera zituen eta bi astean agortu ziren. Hirugarren edizioa kaleratu berri du; 400 ale jada.
Mario Gallego idazle legazpiarrak amets bat zuen. Liburu bat idatzi nahi zuen. Ametsa bete zuen ekinaren ekinez eta liburua osatzeko adina ipuin ondu zituen.
La ruleta fria lanean bildu zituen. Behin materiala esku artean, ondoren hartuko zuen bidearen gaineko gogoeta egin zuen. Ohiko argitaletxetara joan eta erantzunaren zain geratu ala bere kasa aritu? Bigarrena aukeratu zuen eta autoekoizpenari heldu zion. Lehenengo 100 ale argitaratu zituen. Bi astetan saldu zituen. Ondoren, beste 100. Salduta. Orain gutxi beste 200 atera ditu.
Ale berri horietatik 100 aurrekoak banatu dituen moduan merkaturatuko ditu. Hain zuzen, Goierriko liburu dendatan salgai jarrita. Beste 100 aleak Espainiako banatzaileen eskuetan jarri, eta estatu osoan banatuko dituzte. Zati bat Valladolideko (Gaztela) Liburu Azokan jarri ditu salgai. «Aurreko astean han egon naiz liburuak sinatzen», azaldu du Gallegok. Valladoliden bertan berriro aurkeztuko du liburua uztailaren 1ean eta hara ere saxo laukotea eramango du, Legazpiko aurkezpenean bidelagun izan zuen berbera, «Jesus Castillejo eta konpainia». Gallego harrituta dago zabalkundearekin.
Hasierako 100 aleko tirada hartatik asko jota 40 bat saltzea espero zuen. «Liburua ona zela sinistuta atera nuen, baina nire burua zalantzati sumatu nuen aurkezpenaren kinkan. Aurrera egin nuen eta orain da erruleta hotz horren biran dena eta ez dena gertatu daitekeen unea», dio Gallegok, publiko kritiko batek liburuaren bideari traba egitea edo liburu denda askotara zabaldu eta harrera ona izatea. «Ni liburuaren egilea izanda ere, ez naiz liburuak egingo duen bidearen jabea. Alabaina, egingo duen bidea edozein izanda ere, ni beti egongo naiz harro».
Jasotako kritikak
Liburuak hamabost ipuin hartzen ditu. Dagoeneko kritika batzuk jaso ditu han eta hemen: «Zenbaitzuk bereziki kexu izan dira bi kontakizun zehatzen dentsitateagatik laugarrena eta bosgarrena eta, harrigarria bada ere, beste zenbaitzuk bi errelato horiengatik zoriondu naute. Argi dago irakurle bakoitzak bere gustuak dituela».
Gran rascacielos ipuin luzeenarekin bat etorri dira irakurleak, «guztiei gustatu zaie».
Liburua ipuin bilduma izanda ere, Gallegok dioenez, «ipuin guztiak lotuta daude eta pertsonaiak aldatzen badira ere, badago azpitik guztiak harilkatzen dituzten gai batzuk. Horrez gain, ipuin denetan dago narratibara eramandako filosofia ukitu bat».
Goierrin, Beasaingo Mirentxu liburu dendan, Legazpiko Hizkuntzan eta Apatxon eta Zumarragako Urkin eta Legazpin eskuratu daiteke
La ruleta fria Mario Gallegok autoekoitzi duen liburua. Autoekoizpena merkatuan eraginkorra izan daitekeela agerian uzten ari den lana da.