Ekintzaileekin berriketan
Uggasa garapen agentziak, Goierri garaiko ikastetxeekin batera, Ekintzaileen Eguna antolatu du ostiral honetarako: Goierri garaiko bost ekintzailek beraien esperientziari buruz hitz egingo dute, 11:30ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Ekitaldian Jon
Uggasa garapen agentziak, Goierri garaiko ikastetxeekin batera, Ekintzaileen Eguna antolatu du ostiral honetarako: Goierri garaiko bost ekintzailek beraien esperientziari buruz hitz egingo dute, 11:30ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Ekitaldian Jon Tirapuk, Andoni Fernandezek, Iker Burguerak, Unai Jorgek eta Leire Santillanek parte hartuko dute. Tirapu irudi eta soinu teknikaria da eta DJ lanak egiten ditu, Fernandezek bezeroei energiaren truke ahalik eta gutxien ordaintzen laguntzen dien Global Biosfera enpresan lan egiten du, Burguera errealitate areagotuko Arbi liburuen sortzailea da, Unai Jorge Salto Home Personal Training entrenamendu enpresakoa da eta Santillan moda diseinatzailea da.
Bost ekintzaileek beraien esperientziaren berri emango dute. Ekintzaile izatearen alde onak eta ez hain onak zeintzuk diren azalduko dute eta bertaratzen direnek galderak egiteko aukera edukiko dute.
Aurkezpena Itziar Salaberria Uggasako kudeatzaileak egingo du eta gidari lanak, berriz, Pello Biain Urola Garaia Lanbide Eskolako (UGLE) irakasleak egingo ditu.
Salaberriak ekitaldi honen helburua ekintzailetasun kulturari bultzada bat ematea dela dio. «Ikasleek ekintzaileak ezagutzea nahi dugu. Horretarako, ekintzaile ezberdinak gonbidatu ditugu: gizarte ekintzaileak, bere negozio propioa martxan jarri dutenak… Aurrera atera diren eta bidean gelditu diren proiektuen berri emango dute. Gure asmoa ikasleek beraien burua ekintzaile bezala ikustea da, gizarte ekintzaile edo enpresa sortzaile bezala, garapen ekonomikoaren sustatzaile bezala».
Uggasak eta Goierri garaiko ikastetxeek Europako Ekintzailetasunaren Hilabetea dela eta antolatu dute ekitaldi hau. Nahi duten guztiak bertaratu ahal izango dira.
Moda diseinatzailea
Parte hartuko duen ekintzaileetako bat Leire Santillan moda diseinatzaile urretxuarra da. Bartzelonako ESDI eskolan ikasi zuen eta ondoren urtebete eman zuen Londresko Royal Collegen. Amaya Arzuaga diseinatzaile ezagunarekin lan egin eta gero, herrira itzuli zen bere amarekin lan egitera.
Pixkanaka, bere bezeroak lortu zituen. Bezero bakoitzari diseinu bat egiten dio, bere neurrira. Ekintzailea izatea «oso gogorra», baina «esker onekoa» dela dio. «Zure lanbidea atsegin baduzu, alde positiboak gogoan eduki behar dituzu aurrera egiteko. Lehen pausoak gogorrak dira eta norberaren egitasmoa beste lan batzuekin uztartzea komeni da. Nik, adibidez, hasieran Amaya Arzugarentzat eta amarentzat ere lan egiten nuen».