Legazpiko Gazteak kluba sortu zutela 15 urte betetzen dira. Gaztetxetik ateratako futbol taldeari pilota arloa gehitu zioten azkar. Egun pilota eskolak eta Futbol 7 txapelketak dihardute.
Legazpiko Gazteak futbol taldeak 2002-2003 denboraldian egin zuen debuta.
Gaztetxearen egoitza den Mataderotik gertu Aiztonaga goikoa eta Aiztonaga behekoa baserriak zeudela bazekien Julen Luzuriagak Legazpiko Gazteak futbol taldeak 2002an Bergararen aurka lehenengo futbol partida jokatu zuenean. Ostean idatzitako kronikan Gaztetxeko taldeari Aiztonagako tigreak deitu zion; Aiztonaga baserriengatik eta tigreak jantzi zuten elastiko laranja eta beltzagatik.
2002-2003 denboralditik 2005-2006 denboraldira arte jokatu zuten. Erregionaleko bigarren mailatik lehenengora igotzea lortu zuten euren ibilbide hartan. Ilintxaren kontra ere jokatu zuten eta behin baino gehiagotan Bikuña zelaiko harmailak gutxitan bezala bete zituzten.
Kluba sortzeko ideia ostiral gau batean sortu zela dio Iker Azpeitiak: «Jende asko zegoen Ilintxan tokirik ez zuena eta Gaztetxe inguruan mugitzen zena. Astelehen hartan kirol federazioan geunden elkartea sortu bidean». 18 urtetik 35 urtera artekoek osatu zuten taldea; Azpeitia klubeko lehendakaria izan zen 22 urterekin. Taldea «motibazio eta harrobi faltagatik» desegin zen eta haren gerizpean sortuko zuten Futbol 7 txapelketa bost urte geroago.
Pilotak kontrara
Elkartean urtebete geroago sortu zuten pilota sailaren ibilbidea «kontrakoa» izan zela dio Unai Olaizolak: «Sorreran kluba baliatu genuen eta Urbeltz pilotalekua egitekoak zirela 2003an. Legazpin ordura arte ez zegoen pilotan jarduterik». Lehenengo urtean askok eman zuten izena baina ez zuten aurrera jarraitu. Orduan konturatu ziren harrobia sortzearen beharraz eta bi urteren buruan eskola sortu zuten. Hasieratik egin zuten txapelketa herrikoia. Pilota ezagutzera eman dute Legazpin; egun, eskolan 60 bat haur ari dira eta 18 federatu inguru dituzte.
Legazpiko Gaztetxetik kirol jarduna atera zenean batek baino gehiagok ez zuen sinistu gazteen antolatzeko gaitasunean edota haien beldur izan ziren. Alabaina, Aiztonagako tigreen lorratzak hor daude, bistan.
-
-
2003-2004 denboraldia
-
-
2004-2005 denboraldia
-
-
2005-2006 denboraldia
Etzi emango diote hasiera aurtengo Futbol 7 txapelketari Bikuña zelaian
Futbol 7 txapelketa hastear dago. Etzi jokatuko dira lehenengo partidak Bikuña zelaian. Aurreko ostiralean bilera egin zuten taldeen arteko zozketa egiteko. Txokolatezko arrautzen barruko pilota horietan sartu zituzten taldeen izenak eta haiek ontzi handiago batean. Hala egin zuten zozketa. Guztira 414 jokalari arituko dira 32 taldetan banatuta.
Taldeetan mutilak, neskak eta talde mistoak ere egon daitezke. Urtero hiruzpalau talde berrik ematen dute izena. Baldintzak ere jartzen dituzte: 16 urtetik gorakoek parte har dezakete eta talde bakoitzean, gehienez, legazpiarrak ez diren bi lagunek joka dezakete.
Zortzi talde multzo osatu dituzte, lau talde multzo bakoitzean. Etziko jardunaldiaren ostean, hurrengoak hilaren 27an eta ekainaren 3an jokatuko dira. Final zortzirenak ekainaren 10ean, laurdenak 17an eta erdiak 24an izango dira.
Finala uztailaren 1ean izango da. Aurtengo berritasuna da finala goizean jokatuko dutela. Ondoren, bazkaltzera bilduko dira Azokan eta Futbol 7 txapelketaren 10. urtemugaren harira egiten ari diren ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute. Sari banaketa ere izango da eta Burrunba elektrotxarangak girotuko du arratsaldea.