Egurrezko piezen denbora kalkulatzen lan egiten du Josue Susperregik Arkeolan fundazioan. Gipuzkoako lehen baserriak XV. mende erdikoak direla frogatu dute, orain arteko data 50 urte inguru aurreratuta.
Josune Susperregi Arkeolaneko dendrokronologoa, Irungo laborategian. // Juan Carlos Ruiz – ARP
Kantauri aldeko haritzak ikertzen ditu Arkeolanen dendrokronologia laborategiak. Zuhaitz zaharretatik laginak atera aurrena, eta eraikinen zurajea harekin alderatzen dute, datatzeko. Josue Susperregik (Irun, 1968) ikerketa arkeologiko-historikorako “aukera handiko bidetzat” du dendrokronologia.
Dendrokronologia nahikoa diziplina berria da Euskal Herrian, ezta?
Bai. Beste leku batzuetan asko garatu da, baina hemen duela ia hogei urte sortu zen gure laborategia. Iberiar penintsulan, guk eta Madrilgo INIAren [Ikerkuntzarako eta Nekazaritza eta Elikadura Teknologikorako Institutua] egoitzakoek soilik egiten ditugu datazioak modu profesionalean. Badaude laborategi gehiago, baina klima eta ekologia arloko datazioak egiten dituzte gehienek.
Zuek arkeologian eta historian aritzen zarete gehiago.
Gure laborategia oso lotuta dago Arkeolanen beste jarduerekin. Aurkitzen diren egurrak, zurak edo eraikuntzak aztertzen direnean, informazioa jasotzeko erabiltzen dugu dendrokronologia: egurren data, nongoak diren…
Eremu geografikoa eta zuhaitz espeziea zehaztu behar dira?
Bai. Erreferentzia kurbek osatzen dute dendrokronologiaren oinarria; kronologia maisuak ere esaten zaie horiei. Lehenik, kurbak eraiki behar dira, eta, hori egiteko, zuhaitz biziekin hasi behar izaten da. Lagina ateratzean, badakizu azken eraztuna urte horretakoa izango dela. Hortik, atzeraka joaten gara. Zuhaitzak 300 urte baditu, 300 eraztun izango ditu. Urte bakoitzean zenbat loditu den ikusten dugu horrela.
Gero, datu base hori erabiltzen duzue egiturak datatzeko?
Kurba hori erabiltzen dugu beste egurrak aztertzeko. Egur zaharrak erreferentzia horrekin alderatzen ditugu. Sinkronia baldin badago eta hazkunde kurbak baldin baditu, posible da biak erkatzea eta denboran atzera joatea.
Zein eremutan aritzen zarete, eta zein zuhaitz motarekin?
Haritzarekin egiten dugu lan. Historiaurretik erabili izan da hemen. Euskal Herria da gure eremua, eta baita Kantabria aldea ere. Beste batzuetan, berriz, Errioxatik iristen dira laginak.
Haritzaren zein azpiespezie erabiltzen duzue?
Ikerketak haritz arruntekin egiten ditugu normalean:
Quercus robur eta
Quercus petraea dira ezagunenak eta ugarienak. Baina Araban badago beste espezie bat:
Quercus faginea, erkametza. Berezia da, eta guk aztertu dugu lehen aldiz. Oso baliagarria da dendrokronologia egiteko. Are gehiago, beste haritz arruntekin oso ondo aztertzeko aukera ematen du, eta kurbak truka daitezke, datazioak egiteko.
Haritza hartu duzue oinarri. Euskal Herrian eraikuntzan gehien erabilitako egurra delako?
Bai. Haritzak aurkitzen ditugu ia beti. Pagoa, gaztainondoa eta lizarra ere erabili izan ditugu batzuetan, baina oso gutxitan.
Denboran zenbat egin liteke atzera zuek osatu duzuen datu basearekin? Noizkoa da lortu duzuen laginik zaharrena?
450 urteko zuhaitz biziak aurkitu ditugu: haritzak, Araba aldean,
Quercus faginea-k. Gipuzkoan zailagoa da hain zaharrak aurkitzea, moztuta daudelako asko. Gaitzak ere badituzte beste batzuek, eta barrutik hutsik daude asko. Bestalde, urteak igaro ditugu egur zaharrak biltzen, eta, gutxi gorabehera, XIII. mende erdira iristen da orain gure erreferentzia kurba.
Gipuzkoako baserriek zenbat urte dituzten argitzeko iraultza moduko bat ere ekarri duzue. Lehen baserriak XV. mende bukaerakoak zirela uste zen, baina data 50 urte aurreratu duzue.
Bai. Orain arte, tipologia kontuan hartuta ikertu izan dituzte batez ere. Ikerketa sendoak izan dira, baina horietan ez dute erabili datazio metodorik. Nahikoa finkatuta zegoen teoria baten arabera, XV. mendearen bukaeran edo XVI.aren hasieran hasi ziren baserriak eraikitzen, bat-batean. Baldintza sozioekonomikoek sostengatzen zuten. Baina orain dela pare bat urte arte gure datazioek ere teoria horrekin bat egiten zuten arren, dezente zaharragoak diren bi baserri aurkitu ditugu, XV. mendearen erdialdean eginak. Gainera, oso-oso zehatzak dira bi datazioak; urtea lortu dugu, eta hori oso garrantzitsua da. Kolokan jarri da lehen zegoen teoria.
Zein hipotesi duzue?
Herbehereetan, Belgikan, Ingalaterran… haritzarekin jakintza bat, lantzeko modu bat, eraikuntzaren eta zuraren arkitekturaren garapen bat izan baldin bada, zergatik ez hemen? Hori da gure teoria. Zergatik etorri behar zuen norbaitek kanpotik guri egurra nola landu behar zen irakastera? Hemen bazegoen materiala, eta gauza asko egiten ziren egurrarekin: itsasontziak, urtegiak, zerrategiak… Orduan, logikoena da eraikin zaharragoak izango direla pentsatzea. Ea aurkitzen ditugun. Gehiago ikertu behar da.
Lazkaoko Maizgoena (1445) eta Ezkioko Zelaa (1453) dira datatu dituzuen lehen bi baserriak. Oso gertukoak biak. Goierrin egoera berezia zegoela pentsa liteke, ala Gipuzkoa osokoa zen eraikuntza mota hori?
Eremu hori nahiko berezia dela ematen du. Errege Bidearen ondoan zegoen, eta ezaugarri jakin batzuk badaude. Dendrokronologia kontuez gain, arkitektura arloan ere oso-oso antzekoak dira; eraikitzeko modua berdin-berdina da: modulu batzuk dira, egurrezko atariak eta egitura bertikal batzuk dituzte. Egitura horiek errepikatuz lortu zuten bolumena. Baina baserri gehiago aztertu nahi ditugu. Eredu hori identifikatu, eta eraikitzeko modu hori daukaten baserri gehiago bilatu behar ditugu. Batzuk aurkitu ditugu, eta baieztatu da gure teoria.
Lehen, baserri horiek ba al zeukaten zerikusirik sagardogintzarekin? Dolarerik bazuten?
Bai, biek zuten dolarea. Baina berezitasun bat daukate: beste baserrietan dolareak markatzen du baserriaren altuera, eta bi kasu hauetan dolarea baino askoz altuagoa da baserria. Baserriaren barruan dago dolarea, baina baserri modernoagoak direnetan ez bezala, altuera ez die dolareak eman. Gure teoria da fabrika edo bihitegi handien gisako zerbait zirela; bizitokia baino funtzionalagoa, fabrika edo antzeko zerbait.
Noraino atzera daiteke datazioa dendrokronologia erabilita?
Egoera ideal batean, 8.000 urteko kurbak eraikitzera iritsi dira Irlandan eta Alemanian. Zotal ikaztegiak dauzkate han, eta baso osoak kontserbatu dituzte. Hemen, azken mila urteetara irits gaitezkeela uste dut. Aplikazioa da garrantzitsuena, batez ere. Baserriari bai, balioa ematen zaio, baina egurraren arkitekturari ez zaio hainbesteko garrantzirik ematen. Informazio asko lor daiteke dendrokronologiarekin: batetik, gure baserriak, elizak eta egiturak noiz eraiki zituzten; eta, bestetik, egurrak nondik hartu zituzten, zein basotatik, egurraren komertzioa nondik nora egiten zuten, bideak…