Denok gizaki, denok artista
Gizakia garbi etortzen da mundura, baina denborarekin beldurrak, lotsak eta ezinak azaltzen dira. Andoni Salamero artista zumarragarraren ustez, ezin horiek gainditzeko modu bakarra norberaren talentua aurkitzea da. Hala, maite duena
Gizakia garbi etortzen da mundura, baina denborarekin beldurrak, lotsak eta ezinak azaltzen dira. Andoni Salamero artista zumarragarraren ustez, ezin horiek gainditzeko modu bakarra norberaren talentua aurkitzea da. Hala, maite duena egingo du eta izateko poza sentituko du. Hau aldarrikatzeko, Adi-adi, izan hadi! ikuskizuna prestatu du Mixel Ducau musikariarekin, Eneko Galdos dantzariarekin eta Ekaitz Goikoetxea bertsolariarekin batera.
Ikuskizun hau larunbat honetan aurkeztuko dute, 19:30ean, Antioko baselizan. Ekainaren 1ean Donostiako Koldo Mitxelena kultur etxean aurkeztuko dute eta ekainaren 18an Beasaingo Igartza jauregian.
Atzo, Salamerok eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak prentsaurrekoa eman zuten ikuskizuna aurkezteko. Zumarragako olerkariak Adi-adi, izan hadi! beste bi lanen jarraipena dela esan zuen: Natura, hitzak emari, zu zeu olerkari! eta Misterioari dario. «Hiru proiektu hauen artean hari bat dago: izanari ematen zaion garrantzia. Ondo dakigu denok egunerokotasunean zenbat ezin ditugun. Ez dago haur bat baino gauza garbiagorik, baina gero lotsak, egoak, beldurrak… azaltzen dira. Zabuka gabiltza, izana berreskuratu nahian. Gure izana berreskuratzeko modua, gure talentua garatzea da».
Larunbateko ikuskizunean hori aldarrikatuko dute. «Gu laurok gure lanaz gozatzen dugu. Gure talentua erabiltzen dugu, baina guk ere oztopoak eta trabak ditugu. Akatsa bizitzaren ardatza da eta larunbatean ikuskizuna prestatzeko orduan izan ditugun ezinak ere aurkeztuko ditugu».
Horretaz gain, guztiok artistak garela aldarrikatuko dute. Salamero ikusleei bizipoza oparitu nahi dien artista bat da. «Denok gara artistak, bakoitza bere eremuan. Ikuslea ere artista dela erakutsi nahi dugu. Denok maila berean gaude eta elkarrekintza bultzatuko dugu. Etor zaitezte, goza ezazue, barrua osatu».
Alkateak ere gonbitea luzatu zien herritarrei. «Ikuskizun honek musika, poesia, bertsoa eta dantza uztartzen ditu. Bizitzaren gozamenerako esperientzia artistikoa da. Zumarragako Udalak bertako artisten lana ezagutzera eman nahi du eta Kultura batzordeko ateak denentzat zabalik daude, parez pare».
Larunbatean lau artista handiren lanaz gozatzeko aukera egongo da. Salamero zumarragarrak hamaika ikuskizun prestatu ditu azken urteotan. Ducauk Zaldibobo eta Oreka TX taldeekin lan egin du, besteak beste. Goikoetxeak Salamerok Goierri garaian egiten duen lana egiten du Goierri behean: aparteko kultura sustatzailea da. Galdos, berriz, primerako dantzaria da. Irrintzi dantza taldeko kidea eta Edu Muruamendiarazekin lan egin du, besteak beste.