Playmobil erreinuko erregea
Pertsona bakoitzak bere zaletasunak ditu. Batzuk zaletasun asko dituzte eta beste batzuk bakar bat. Era berean, zaletasun batzuk jarraitzaile asko dituzte eta beste batzuk, berriz, bereziagoak dira. Daniel de la
Pertsona bakoitzak bere zaletasunak ditu. Batzuk zaletasun asko dituzte eta beste batzuk bakar bat. Era berean, zaletasun batzuk jarraitzaile asko dituzte eta beste batzuk, berriz, bereziagoak dira. Daniel de la Iglesiarena, adibidez: zumarragar honek Playmobil panpinen bilduma egiten du.
De la Iglesiari beti gustatu izan zaizkio Playmobilak, baina iaz ekin zion bilduma egiteari. «Kursaalen erakusketa bat egin zuten 15.000 panpinekin eta nik ere bilduma bat hastea erabaki nuen. Umetan ezin duzu halakorik egin, dirua behar baita. Dagoeneko Hiru Erregeak eta jaiotza, historiaurreko panpinak, lantxa, karabana, kanpin-denda… erosi ditut. Dena erosiko nuke, baina etxean toki asko behar da».
Bere etxeak Playmobilen erreinua dirudi. Gehienak internetez erosi ditu, baina enpresak Madrilen duen dendan ere egon da. «Playmobil enpresa alemaniarra da eta ia guztia Europan ekoizten du. Bere lantegiak Alemanian, Espainian eta Maltan daude».
Playmobil eta Lego
Playmobil eta Lego zaleen ar-tean pikea dagoela dio. «Playmobil zaleoi istorioak asmatzea gustatzen zaigu eta Lego zaleei eraikitzea gustatzen zaie. Playmobil zaleen elkartekoa naiz eta gure whatsapp taldean Lego zaleekin sartzen gara, txantxetan. Playmobil enpresa oso abegitsua da zaleekin. Urtero inkestak egiten ditu eta panpin zaharrak merkaturatzen ditu».
Playmobil zaleen elkarteak, berriz, Donostiako erakusketa antolatu zuen eta maiatzean Bilbon beste erakusketa bat egin du. Gainera, ospitaletara joaten dira, gaixo dauden haurrekin jolastera. «Euskal Herriko zaletu sutsuenak bizkaitarrak dira. Nik ezin dut ekitaldietan parte hartu, gehienak asteburuetan izaten baitira eta asteburuetan lan egiten baitut».
De la Iglesiak beste zaletasun batzuk ere baditu. «Zinea eta bideo-jokoak ere asko gustatzen zaizkit. 600 pelikula baino gehiago ditut eta zortzi kontsola. Nire bideo-joko kuttuna Civilization da», amaitu du Zumarragako Playmobil zaleak.