Irisgarritasuna hobetzea, taberna tokiz aldatzea, igerilekua handitzea, gimnasioan aldaketak eta aldagelen berrantolaketa dira, besteak beste, aurreikusten direnak.

Majorirako proposamena eta proiektua jasotzen duen Plazara aldizkari berria aurkeztu zituzten atzo. // A. Vierbücher
Ordiziako EH Bilduk Majori kiroldegirako proposamen bat prestatu du eta herritarrei aurkeztu zien, asteazkenean, D’elikatuz zentroan egin zuten ekitaldian. Martxoan abian jarri zen Kirol mahaiak hasitako «parte-hartze prozesua sustatzeko ekarpen gisa» aurkeztu dute EH Bildukoek Majorirako «proposamen integrala». Epe luzerako aurreikusten duten proiektu proposamena da egin dutena.
EH Bilduko ordezkarien iritziz, «udal gobernua ‘petatxuak’ jartzen aritu da Majorin» eta horregatik amaitu nahi dute «ur- teetako ikuspegi partzialarekin». Helburu horrekin, «ikuspegi bateratua izango duen instalakuntza proposamena» aurkeztu diote herriari, baita Kirol azpiegituren mahaian parte hartzen dutenen eskura jarri ere.
Hilabeteak daramatza lanean Ordiziako EH Bildu «Majoriren gaia aztertzen» eta «egindako lan hori ezagutzera eman» nahi izan dute oraintsu argitaratu duten Plazara izeneko aldizkari berrian. Proposamen «itxia ez» dela argi utzi nahi izan du EH Bilduk, eta «parte hartzea sustatzeko» ordiziarrei eskaintzen dieten «lan tresna bat» dela nabarmendu dute.
Etorkizuneko Majori
Ordiziako EH Bilduk Majorirentzat egindako proposamenean «azken txokoraino» irisgarritasuna bermatzen saiatu direla argitu du. Kuboko igogailuaz gain, berri bat ere proposatzen dute, «sarbidea gune bakarretik kontrolatzeko aukera» izateko.
Tabernari dagokionez, «tokiz aldatzea da aukera», hau da, bi kantxen arteko eremuan kokatuko lukete eta gaur egungo terraza estali, sarrerako eremua libratzeko eta handikk bi kantxetara ikusmira izateko.
Igerilekua bederatzi kaletara handitzea proposatzen dute, bestalde, baina gaur egungo teilatua bota gabe. Horren ondoan aldagela berriak, igerileku txikia eta sauna eremua izango lukeen eraikin berria egitea da proposamena. Eraikin berriak belarrezko estalki laua izango luke, «kanpoko berdegunea handitzeko».
Bestalde, gimnasioan eta eraikinean dauden areto desberdinetan ere aurrikusten dituzte aldaketak. Gimnasioa gune handiago batera aldatzea proposatu dute eta jarduera desberdinetarako sei areto sortuko lituzkete solairu desberdinetan.
Kantxa handiko aldagelei dagokienez, «berrantolatu eta soilik bertako erabiltzaileentzat uztea» da proposamena. Horretarako, aldagela berriak sortuko lirateke kuboko erabiltzaileentzat eta beste batzuk, gimnasio eta ikastaroetako erabiltzaileentzat.
Majori eta Altamiraren arteko lotura estaltzea da egiten duten beste aukera bat, modu horretan, «euri egunetan pistan entrenatzeko gune estalia sortuz».
Kanpoko igerilekua
Majoriko kanpoko igerilekuaren irekiera ekainaren 10erako dago aurreikusita. Aurtengo udako denboraldirako, igerileku txikian segurtasuna hobetzeko neurriak hartu dira. Hala, portzelanazko zorua izango du. Tabernako terrazan ere aldaketak egin dira zerbitzua hobetzeko.
Plazara aldizkari berria kaleratu du EH Bilduk
Ordiziako EH Bilduk Plazara izeneko aldizkari berria kaleratu du eta dagoeneko herritarren etxeetan dago. Talde politikoaren «buletin berria» dela argitu dute eta harekin «helburu bikoitza» bete nahi» dutela: batetik, «plazatik datorren ahotsa jaso» nahi dute, «herritarren iritzi, proposamenak eta beharrak besteak beste»; bestetik «Ordiziako EH Bilduren ahotsa plazara zabaltzea» bilatzen dute. Aldizkari berriarekin, «modu kritiko eta gardenean» udalaren jarduna aztertuko dute eta «EH Bilduren asmoak modu argian azaltzeko» erabiliko dute.
Atal desberdinak izango ditu Plazarak. «Ordizia eginez atalean, udalari eta herriari begirako proposamenak eta asmoak» aurkituko ditu irakurleak;?«Zinegotzien ahotsa atalean, EH Bilduko zinegotzien azalpenak» agertuko dira; «Udal txinpartak, salaketen atala izango da eta bertan EAJ eta PSE-EEren udal gobernuaren jarraipen zorrotza» egingo dute; «Plazatik atalean, herritarren behar eta eskaerak» jasoko dituzte; eta azkenik, kontraza-lean «Goizane kontu kontari arituko da, herriko eta udaleko kontu laburren berri emanez».
Horrez guztiaz gain,
ordiziakoplazara.eus webgunea martxan jartzeko lanean ari dira eta sare sozialetan ere Ordiziako Plazara orria irekitzeko asmoa dute.
Hiru hilean behin kaleratuko dute Plazara aldizkaria eta «etxe guztietako postontzietan» utziko dute.