Irma Arnaiz atzoko plenoan.
Beasaingo Udalaren atzoko udalbatzan Irma Arnaiz Berdintasun eta Hezkuntza zinegotziak iragarri zuenez, “egoera asko aldatzen ez bada”, ekainean dimisioa aurkeztuko du. “Nik lau urtez jarraitu nahi nuen. Egia da erabakia nirea dela, nik aurkeztuko dut dimisioa ekainean, erabakia hartuta dago. Egia da saiatu naizela beste era batera bideratzen. Egia da baita, ez daukadala taldearen babesik”, azaldu zuen. “Proiektu bat aurrera eramateko taldea behar duzu, bakarrik ezinezkoa da. Egoera oso zaila dago momentu honetan. Horrela izanda ezin dut aurrerapausorik eman. Erabaki hau hartzea oso-oso gogorra izan da. Izugarrizko pena ematen dit uzteak. Ez dut utzi nahi, baina utzi beharra daukat, ez dago beste biderik”, gaineratu zuen.
Ekainean du dimisioa aurkezteko asmoa, “politikan sinesten jarraitzen dut, eta bizitzak buelta asko ematen ditu eta auskalo zer gertatu litekeen. Egoera ez bada asko aldatzen, ekainean dimisioa aurkeztuko dut”.
Batzar aretoan berari babesa agertu ziotenak eskertzearekin batera, “jende askori eskerrak emateko dauzkat, mahai honetatik hasita. Utziko dut ekainerako eskertza”.
Babesa eta eskertza
Batzar aretoan Elena Sanchezek hainbat emakumeren izenean irakurri zuen oharrak zionez, “denok zur eta lur geratu gara Irma Arnaiz udal honetatik kanpo doala esan digunean. Irteera ez da arrazoi pertsonalengatik izan, baizik eta berez bere udaleko lankideak izan behar zutenen presioagatik eta erresistentziagatik”. Arnaizek “lan ezin hobea” egin duela nabarmendu zuen: “Irma ezagutzen dugu, bere lana, bere gertutasuna, bere dedikazioa, zintzotasuna, profesionaltasuna, bere berotasuna eta bere giza kalitatea, bere konbikzioa eta borroka Beasain parekideagatoa izateko, bere barruko eta kanpoko erresistentzien gainetik”. Ikastetxeetan eta Berdintasun Foroan egindako lana eta izandako inplikazioa azpimarratu zuten. “Orain da garaia gutariko bat ukitzen badute denok ukitzen gaituztela erakusteko”.
Era horretan, “Beasaingo Udalari azalpenak eskatzeko garaia” dela uste dute. “Klase politikoaren artean oso modan jarri den Berdintasun Instituzionala da elkarretaratzeko pankarta helduz argazkia ateratzeà, baina Berdintasunaren aldeko politika errealak aplikatzeko garaian munduko erresistentzia guztia izaten da”.
Murumendi eskolakoek ere beraien “ezinegona” agertu zuten Arnaizen erabakiagatik. Era horretan, Murumendik udalari ondorengoa eskaera egin zion: “Nahiz eta Irmak esan ekainean uzteko erabakia hartuta duela, legealdia bukatu arte zinegotzi honen jarraipena eta egoera birplanteatzea. Eskatu udalari, gure egunerokotasuna eta premiak ezagutzen dituen beste ordezkari bat izatea udalaren organo gorenean”.
Alkatearen erantzuna
PSE-EE eta EH Bilduko ordezkariek ere eskerrak eman nahi izan zizkien Arnaizi egindako lanagatik; baita Aitor Aldasoro alkateak ere: “Orain jakin dugu bere asmoen berri. Nik nahiago dut gure artean egon diren diferentziak alde batera uztea. Bere erabakia izan da uztea, errespetatuko dugu, eta guk ere gure eskerra azaldu nahi diegu gure proiektuan parte hartu izanagatik. Eta iruditzen zaigu asko eman diola Beasaini, eta denboran baloratuko dela eman diona. Taldearen izenean gure eskerrak eman dizkiogu”.