«Bi probetan parte hartu behar dut, nahiz eta jende askok ez duen ulertzen»
Maite maiora (Korrikalaria)
Maite Maiora maratoia irabazteko faborito nagusietako bat da, baina kilometro bertikalean ere parte hartuko du. Iaz berak irabazi zuen kilometro bertikala. Maratoian, berriz, hirugarren postua da orain arte lortu duen onena. 2014an eskuratu zuen. «Bi lasterketetan parte hartu behar dut, nahiz eta jende askok ez duen ulertzen. Kilometro bertikalean parte hartzeak ez dit maratoirako kalterik egiten. Alderantziz:?presioa kentzen laguntzen dit. Lasterketa honi esker, ez dut maratoian bakarrik pentsatzen eta horrek on egiten dit», azaldu du.
Faborito nagusien artean dago, bai maratoian eta baita kilometro bertikalean ere. «Nire helburua ahal dudan lasterketa onena egitea da. Badakit jendeak faborito nagusien artean sartu nauela eta lasterketa on bat egitea espero dutela. Nire onena ematen badut, podiumetik hurbil ibiliko naiz, baina nire helburua Zegama-Aizkorri irabaztea dela esatea asko esatea da. Hori bai, irabaztea sekulakoa izango litzateke. Jazo daitekeen gertaera onena. Ez dut obsesionatu nahi. Amets bat da. Beharbada sekula beteko ez den amets bat», aipatu du mendaroarrak.
Izan ere, Zegama-Aizkorri munduko lasterketa garrantzitsuenetako bat da. Euskaldunentzat, garrantzitsuena. «Giroa da Zegama-Aizkorri proba berezi egiten duena. Gainera, ibilbidea oso polita da, Aizkorri niretzat oso mendi berezia da… Lasterketa honek gauza on asko ditu», amaitu du munduko txapeldunak.