«Esfortzu motzetan luzeetan baino hobeto moldatzen naiz»
Anartz etxeberria (Korrikalaria)
Idiazabalen bizi den Anartz Etxeberria lazkaotarrari ere kilometro bertikala maratoia baino gehiago gustatzen zaio. «Kilometro bertikaletan parte hartzen dut, batez ere. Txindokiko bertikalean zaletu nintzen lasterketa mota honetara. Ondoren, Anbotokoan, Beriaingoan… parte hartu nuen».
Maratoi erdiak ere egiten ditu eta egunen batean Zegama-Aizkorri maratoian parte hartu nahi du. «Oraindik ez dut sekula dortsalik lortu. Dena den, esfortzu motzetan esfortzu luzeetan baino hobeto moldatzen naiz. Gainera, kilometro bertikalak prestatzeko denbora gutxiago behar duzu. Hala, errazagoa da familia eta kirola uztartzea. Entrenatzeko, mendi bat ahalik eta azkarren igotzen dut. Aurten, sei bat aldiz egin dut Aizkorriko kilometro bertikala. Aurreko urteetan baino hobeto sentitzen naiz, baina eguraldia oso garrantzitsua da. Azkenak irteten garenok, lurra nahastuta aurkitzen dugu. Duela bi urte lokatz asko egon zen». Aurreko bi urteetan hogei onenen artean sailkatu zen eta bere helburua bere denbora onena hobetzea da.