Irizarrek bere autobus eta autokarren belaunaldi berria aurkeztu du Madrilen
Asteazkenean hasi eta gaur itxiko den Nazioarteko Autobus eta Autokarren Azokan parte hartzen ari da
Irizar taldeak 2.000 metro koadroko estand bat jarri du Madrilen egiten ari den Nazioarteko Autobus eta Autokarren Azokan (FIAA 2017). Bertan, enpresa taldearen marka, teknologia eta iraunkortasunaren alorrean landutako estrategiaren berri emateko aukera izan du, Irizar autobus eta autokarren belaunaldi berria aurkeztearekin batera.
Estandean Irizarren autokar eta autobus gama zabala jarri dute ikusgai, tartean autokar integralak, autobus %100 elektrikoak eta teknologia hibridoko II klaseko ibilgailuak, hiriko eta hiri arteko zerbitzuetarako baliagarriak azken hauek. Aukera horrekin, “Irizarrek bidaiarien garraio publikoaren arlo guztiei erantzuten die, bai zerbitzu pribatuetan bai publikoan, hirian, hiri artekoan eta ibilbide luzekoan; eta horrek mugikortasun iraunkorraren sektorean lider bihurtzen gaitu” diote Ormaiztegin egoitza duen enpresa taldeko arduradunek. Bezeroekiko eta gizartearekiko konpromiso sendoa erakutsi dutela ere nabarmendu dute: “Balio erantsi handia eskaintzen dugu produktu eta zerbitzuei dagokionez, baina diseinua, pertsonalizazioa, segurtasuna, fidagarritasuna eta iraunkortasuna ahaztu gabe”.Irizar marka sendotu izanari ere egin diote aipamena, eta horretan “sektoreko erreferente bat izateak, eta produktuetan segurtasuna, iraunkortasuna, errentagarritasuna, fidagarritasuna eta kalitatea lehenesteak” izan duen garrantzia nabarmendu dute.
FIAA azokan erakugai dauden autobus eta autokarrak Irizar i8 eta Irizar i6s integralak, Irizar i4h eta Irizar i3h low entry hibridoak eta Irizar 12e elektrikoa dira.