«Kilometro bertikalean maratoian baino hobeto moldatzen naiz»
Iñigo Lariz (Korrikalaria)
Iñigo Lariz elgoibartarrak aurreko bi edizioetan ere parte hartu izan du kilometro bertikalean. Maratoian, berriz, lau aldiz parte hartu du. Hiru aldiz bukatu du. Kilometro bertikala nahiago du. «Kilometro bertikalean hobeto moldatzen naiz. Esfortzu gogorrekin gehiago gozatzen dut. Asko sufritu behar da, baina denbora labur batean».
Argi dago kilometro bertikala bere neurrira egindako proba dela. Izan ere, lehen urtean bigarren postua eskuratu zuen eta iaz bosgarrena izan zen. Proba hau izen handia hartzen ari dela dio. «Lehen urtean osagai bezala sartu zuten eta iaz, jada, maila altuagoa izan zen. Aurten, beste salto bat eman dute».
Hori dela eta, zail ikusten du podiumean sartzea. «Lehen bosten artean sartzea oso garesti egongo da. Ez dut postu bat helburu bezala jarri. Munduko Kopa lehiatzen ari diren horien artetik zeintzuk datozen ikusi beharko da. Asko etortzen badira, lehen hamarretan sartzea zaila izango da. Nire helburua dudan guztia ematea eta ahalik eta lasterketa txukunena egitea da. Orain arte ez dut inongo probatan parte hartu, baina oso gustura ari naiz entrenatzen. Zegamako kilometro bertikala asko gustatzen zait:?gogorra eta teknikoa da».
Maratoian ez du parte hartu behar. «Ikustera joango naiz. Lagun batek parte hartzeko asmoa du eta anoa-postuetan lagundu egingo diot».