«Proba motzetan ez naiz moldatzen, baina aurten ere parte hartuko dut»
Carlos moran (Korrikalaria)
Carlos Moran zegamarra beteranoa da. 57 urte ditu. Ultramaratoietan primeran moldatzen da (Espainiako txapelduna da, 50 urtetik gorakoen artean), baina Zegaman kilometro bertikalean ere parte hartzen du. «Iaz parte hartu nuen lehenengoz kilometro bertikalean. Proba motzetara ez naiz ondo egokitzen, baina aurten ere parte hartuko dut. Izan ere, Zegamako korrikalarioi korrika egitea dagokigu».
Oso harro dago bere herriko lasterketaz. «Zegama-Aizkorri proba aitzindaria izan zen. Antolatzaileek gogo handiz ekin zioten eta herritarrek primeran erantzun zuten. Munduan hemengoa baino paisaia politagoak daude, baina antolatzaileek egiten duten lana sekulakoa da. Gainera, Euskal Herriko zaleak munduko onenak dira».
Zegama-Aizkorriren ondoren, Basque Ultra Trail Series probako azken bi etapak egingo ditu eta irailaren 10etik 17ra 336 kilometroko proba batean parte hartuko du, Italian.