Aritz Egea urretxuarra, lehen postuan.
Goizeko 09:00ak puntu-puntuan direla abiatu da XVI. Zegama-Aizkorri mendi maratoia Zegamako plazatik. Parte hartzeko izena eman zuten 8.767 korrikalarietatik 537 soilik dira horretarako aukera izan dutenak, eta horietatik 242 euskal herritarrak dira. Mark Lauesntein era Remi Bonet suitzarrak, Marco Di Gasperi italiarra, Zaid At Malek marakoroarra, Pere Rullan kataluniarra eta Aritz Egea urretxuarra dira mutilen artean gaurko proba irabazteko hautagaiak; emakumezkoen artean, aldiz, Emelie Fosberg suediarra, Megan Kimmel estatubatuarra, Michele Maier alemaniarra eta Maite Maiora mendaroarra jotzen dituzte faborito. Lasterketariak Otsaurtera bidean dira dagoeneko.
Aurtengo irteeran ez da omenaldirik egin, eta zinta mozten Alberto Zerain mendigoizalea aritu da, besteak beste. Kilian Jornet ere gogoan izan dute, gaur goizean bigarren aldiz zapaldu baitu Everesteko gailurra, eta irteeran bildutakoek txalo zaparrada jo diote. Bestalde, antolatzaileek adierazi dute ez dutela uste gaur maratoiaren errekorra ontzeko egun aproposa denik.