Senari jarraika
Mikel Etxeberria biologo beasaindarrak aurkeztutako ‘Udara bat ardiekin, senari jarraika’ lanak CAF-Elhuyar lehiaketako NEIKER-Tecnalia saria jaso berri du. Lehen aldiz eman ...
Mikel Etxeberria biologo beasaindarrak aurkeztutako ‘Udara bat ardiekin, senari jarraika’ lanak CAF-Elhuyar lehiaketako NEIKER-Tecnalia saria jaso berri du. Lehen aldiz eman zaio lehen sektoreari lotutako gai bati saria aurten.
Berriki egin da CAF-Elhuyar lehiaketaren azken edizioko sari banaketa ekitaldia Donostian. Aurten, ohiko kategoriez gain, lehenengo aldiz eman da NEIKER-Tecnalia saria lehen sektoreko lan onenari. Mikel Etxeberria biologo beasaindarrak aurkeztutako Udara bat ardiekin, senari jarraika izan da saritutako lana.
2016an amaitu zuen Biologiako Gradua Leioan Etxeberriak. Orain, Madrilen dabil Ekologiako Masterra egiten, baita, uholdeak ekiditeko urtegien eraginaz ikasten ere Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Dioenez, lehen sektorea gertu sentitu izan du beti, baina Arantza Aldezabal EHUko botanikako irakasle eta ikertzailearen eskutik iritsi zaitzaion saritua suertatu den lan hau egiteko aukera. «Gradu amaierako lana egiten hasi nintzenean, Aldezabal Enirio-Aralarko artzaintzaren ikerketa egiten ari zen eta niri ardien ibilerak aztertzea proposatu zidan», dio.
Azterketaren emaitzak
Etxeberriak aurkeztutako lanaren lehenengo paragrafoak honela dio: «Lehen artzainek ardiak Euskal Herrira ekarri zituztenetik milaka urte pasatu dituzte ingurura moldatzen. Hobekien moldatutako ardiek ondorengo gehiago utzi dituzte, eta beraz, gaur egun ditugun ardiek ezin hobeki ezagutzen dute bizi diren ingurua. Beste era batera esateko, sena moldatu dute Euskal Herrian ahalik eta ondoen bizirauteko. Senari esker, euria egiten duenean zelaian jarraitzen badute ere, txingorra datorrenean berehala jartzen dira babesean, dela ukuiluan, dela harkaitz azpian. Udarako bero handienekin ere ez dira eguzki-galdatan egotekoak, eta trumoi handiak iragartzeko gai dira».
«Ardiek ingurune batzuk besteak baino nahiago dituztela ikusi dut lan honi esker»
«Artzainek jakingo zuten hau, baina garrantzitsua zen datu zehatzekin berrestea»
Mikel Etxeberria, biologoa
Baina sen hori habitatak aukeratzeko edo elikatzeko ere erabiltzen ote duten jakiteko balio izan du Etxeberriaren lanak. Ardien bizi ohiturak eta elikatzeko dituzten moduak aztertu ditu: «Ardiek ingurune batzuk besteak baino nahiago dituztela ikusi dut, eta bereziki jotzen dutela habitat horietara, bai elikatzeko eta baita hausnarrean egoteko ere», zehaztu du. Lana egiten hasi aurretik bazuten ardiek zer habitat aukeratuko zutenaren susmoa, «artzainek ere segur aski jakingo zuten guk ikusi dugun hau, baina garrantzitsua zen datu zehatzekin berrestea».
Lana burutzeko hiru artaldetako ardiei GPS idunekoak jarri zizkieten lepoan eta bi hilabetez utzi zituzten mendian euren kasa ibil zitezen. Behin epea amaituta, «GPSetatik datuak hartu eta tratamendu estatistikoen bidez» emaitzak lortzen joan ziren. Ardien posizio puntu bakoitza zein landare komunitatetan zegoen ikusi zuten, eta horrekin habitat hautespena kalkulatu dute: «Bi hilabetetan zehar asko egon dira habitat batzuetan, eta gutxi beste batzuetan».
Hartutako datuen emaitzekin bost habitat zehaztu zituzten: «larre dentsoa (>%85 larrea), larre harritsua (<%15 larrea), trantsizio larrea (%15-85 larrea), sastrakadiak eta besteak» bezala definitu dituztenak. Landaretza mota horiek denak erabiltzen dituzte ardiek, «atera dugun ondorio nagusia da guztiak behar dituztela bizirauteko, neurri ezberdinean bada ere», dio Etxeberriak.
Saria ezustean
Guztien artean, «ardiek trantsizio larreak dituzte gustukoen». Izan ere, larre horietan larre harritsuko eta larre dentsoko espezieak daude. «Dibertsitate handi hori leku txikian aurkitzen dutenean bazka desberdin asko dute eta dieta osasuntsu bat izateko aukera ere bai», nabarmendu du. Dena den, belarra «oso energia gutxiko elikagai denez», larre dentsoa ere asko ustiatzen dute, «bertan dagoelako belar gehien». Elikatze ohiturez gain, leku itzaltsuak ere aukeratzen dituzte artaldeek, «hausnarrean aritu ahal izateko».
Habitat horiek dauden erabilera eremua zehaztea ere izan zen lanetako bat, «gehienez 170 hektareako eremuak». Ardiek habitat batetik bestera joateko orduan muga garrantzitsu bat ere bazutela ohartu da. «Artzainek egunean bi aldiz biltzen zituzten ardiak bordara esnea jezteko. Ardiak bordaren inguruan bazkatzen dira normalean, eta bertan aukeratu behar izaten dituzte habitat egokienak», dio.
Sariaz galdetuta, lehen saria irabaztea ez zuela inondik inora espero adierazi du, baina poz handia izan dela, noski. «Artzainen lan bikaina mahai gaineratzeko balio badu, oraindik hobeto», gehitu du. Lan hau dibulgazioan jarraitzeko aitzakia bikaina ere badela uste du biologo beasaindarrak.