Lehiaketaren helburu nagusia giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa sustatzea da. Lehiaketan parte hartzeko izen-emate epea irailaren 10era arte egongo da zabalik

Ordiziako Hiri Hezitzailea programaren barruan, Dar-Dar Produkzioak elkartearen eskutik eta udalaren eta herriko eragileen laguntzarekin, hainbat ekimen ari dira egiten
Giza eskubideak herrira proiektuaren izenburupean. Horren baitan dago dagoeneko abian jarri duten
Giza Eskubideak Herrira nazioarteko bigarren film laburren lehiaketa.
Pasa den ostiraleanegin zuten Barrena kultur etxean aurtengo lehiaketaren aurkezpena, eta harekin batera ireki zuten izena emateko epea, irailaren 10era artekoa. Plataforma digitalez edo postaz egin daiteke izen-ematea. Abenduaren 10ean egingo dute lehiaketaren finala eta sari banaketa, Herri Antzokian.
Sentsibilizazioa helburu
Film laburren lehiaketaren helburu nagusia giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa sustatzea da. Lehiaketak, mundura «leiho bat» irekitzen duela azaldu dute antolakuntzakoek, eta «leiho horretatik errealitate desberdinak islatzen dituzten beste leiho batzuetara begiratzeko aukera» sortuko dela gehitu dute.
Horrez gain, munduko txoko desberdinetan gizakiek bizi izan dituzten giza eskubideen urraketen inguruan gogoeta bermatzeko aukera emango die lehiaketak Ordiziako herritarrei.
Dar-Dar Produkzioak 2015az geroztik ari da
Giza eskubideak herrira proiektua garatzen. Ordiziako biztanleak eta talde eragileak dira, besteak beste, proiektu horren ardatza. Giza eskubideen inguruan haiek sentsibilizatuz eta heziz, justizia soziala bermatzeko helburua du proiektu horrek.
Baldintzak
Lehiakide bakoitzak nahi beste film aurkeztu ditzake lehiaketara, hori bai, 2013 urteko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako film laburrak izan behar dute. Fikziozko, animaziozko, dokumental erako edo era esperimentaleko film laburrek parte hartu ahal izango dute.
Filmak ahotsarekin edo mutuak izan daitezke, eta edozein hizkuntzatan aurkeztu daitezke. Lehiaketako bi hizkuntza ofizialetako bat ez bada erabiltzen dena (euskara edo gaztelera), ezinbestekoa izango da aipatutako bi hizkuntza horietako batean azpitituluak izatea.
Filma eta inskripzio orria ondoko helbidera bidali behar da irailaren 10a baino lehen; 6 posta kutxa zenbakia, 20240 Ordizia. Informazio gehiago
gehkorto@ gmail.com epostan eska daiteke.
Sariei dagokienez, 1.000 euro jasoko ditu film labur onenak, 300 euro publikoaren sariak eta beste 300 Goierriko film labur onenak.