«Belaunaldi berrien kohesio lanean oso garrantzitsua da eskola txikia»
Olaberrian jaio, hazi eta bizi, ibilbide osoa han egin du Garikoitz Arrietak (Olaberria, 1975). Ikasketak Lazkaon egin eta lagun taldea hangoa badu ere, herrigintzarako garrantzitsutzat jo du Olaberriko herri eskolaren lana. Pilotaria da, Herriartekoa bost aldiz irabazi duen pala taldekoa.
Olaberritarra, peto-petoa, ezta?
Bai. Olaberritarrak nituen lau aitona-amonetatik hiru, bi baserritakoak. Gurasoak kalera joan ziren bizitzera, eta beti erakutsi izan didate herrian parte hartzen. Oso aktiboak izan dira haiek ere, lan asko egin dute: ama katekesian aritzen da, eta talo egiten aritu izan da urte askoan. Aitak sanjoanetako zuhaitz altxatzea egin zuen hiru lagunekin, baita gaztaina erreen festa ere. Betidanik sentitu izan dut herritartasuna.
Olaberriak bi izaera dituela esan ohi da: industria arlokoa eta nekazaritzakoa. Ados zaude?
Hiru izaera dituela ere esan liteke. Batetik, herrigunea eta inguruko baserriak. Bestetik, Ihurre. Eta, hirugarrena, Errekalde; Lazkaora jotzen dute hangoek, Beasainera Ihurrekoek, eta herrian geratzen gara herrigunekoak.
Herrian euskal eskolarik ez, eta Lazkaon ikasi zenuen zuk ere.
Lazkaoko San Benito ikastolan egin nituen ikasketak, garai hartan Olaberrian eskola nazionalak zeudelako. Lazkaokoa dut lagun taldea. Baina beti esan izan dut Olaberrikoa naizela ni. Gaur egun, eskolak egiten du kohesio lan hori; Ihurreko ume guztiak gora igotzen dira, eta bizitzako lehen aroa herrigunean ari dira egiten. Hizkuntza eta integrazio aldetik askoz maila handiagoa dago orain. Pentsatu nahi dut ondorengo belaunaldiek ere herrirako joera handiagoa izango dutela. Belaunaldi berrien kohesioan oso garrantzitsua da eskola txikia. Lan handia egiten du.
«Gurasoek beti erakutsi izan didate herrian parte hartzen. Oso aktiboak izan dira haiek ere: lan asko egin dute»Barne lotura al da herriaren erronkarik handiena? Herriak kohesioa behar du. Lotarako herri gisa hartzen dute batzuek, eta egia da halako bizitza egiten dutela zenbaitzuek. Herri polita eta lasaia da, eta bizimodua ondoko herrietan egiten dute. Arazo hori badago. Erronka da herrian indar gehiago egitea, herrigune inguruan. Zer behar da horretarako? Herrigunea indartzea, herriko jendearekin. Dezente hazi da herria, baina bertakoa ez den jendearekin. Batzuk integratu dira, eta beste batzuek lo bakarrik egiten dute bertan. Horrek ez du asko laguntzen herri ikuspegitik. Etorkizunean, herriarentzat onuragarria izango da herrigunea indartzea, bertako gazteentzat etxeak eginez, batez ere. Pala ez duzue ahazteko. Herriartekoan 8. finalaren bila zoazte. Zer du Olaberriak palarekin? Talde bat sortu zen orain urte mordo bat. Arrakasta etorri zen gero, eta, olatu haren bultzadarekin, azken hogei urteetan oso presente egon da pala. Gazteek hori ikusi dute, eta animatu egin dira zenbait. Baina herritik kanpora bizitzera joan dira batzuk, eta ez gaude suziriak botatzeko ere. Orain, hogei urteren ondoren, gazteak animatzea behar dugu. Jesus Mari Albisu da Olaberrian eta Goierrin pala loratu izanaren arduraduna.