Haitzak ere babestuta
Goierriko haitzetan ezingo da nahi den tokian edo edozein garaitan eskalatu. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskalatze guneak arautu egin ditu, Basanimalien eta ...
Goierriko haitzetan ezingo da nahi den tokian edo edozein garaitan eskalatu. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskalatze guneak arautu egin ditu, Basanimalien eta Landareen Zerbitzuarekin, eta Gipuzkoako Mendizale Federazioarekin elkarlanean. Goierrin 7 lekutan guztiz debekatu dute, bostetan partzialki.
«Eskalada jasangarria» lortze aldera, harkaitzetan debeku aldian ezarri dituzte; bai geografikoki, bai egutegian. Hiru mailatan bereizi dituzte guneak: eskalatzeko erabateko debekua urte guztian dutenak; debeku partziala urtearen sasoi jakin batean; eta eskalatzea libre den tokiak.
Hegaztien kumatzea errespetatu nahi du aldundiak, araudiarekin. «Eskalada guneetan espezie mehatxatuen garapenean sor daitezkeen eragozpenak ekidin nahi dira». Hala, hegazti-komunitateek urte osoan erabiltzen dituzten harkaitzetan ezingo da eskalatu; umatzen duten beste zenbait tokitan, berriz, baimendutako garaian bakarrik eskalatu ahalko da, eta bide berriak irekitzeko baimena eskatu beharko zaio Basanimalien eta Landareen Zerbitzuari.
Hala, Gipuzkoa osoko haitzak sartu dituzte erregulazioan, bost eskualdetakoak. Denera 58 toki dira, eta horietatik 17 Goierrin daude; beste zazpi, berriz, eskualdearen mugen oso gertu (Txindokin).
Erregulazioak «oinarri zientifikoa» duela argitu du aldundiak, eta ez dela debekua argitu du. Hala, arauak errespetatzeko «eskatu» egin die eskalatzaileei, eta ez behartu. Zigorrik ez dute zehaztu. «Irizpide nagusi bezala, espezieen babesa erabilera publikoaren gainetik ezartzen den arren, debekuan baino gehiago erregulazioan oinarritutako kudeaketa aurrera eraman nahi da bi erakundeen aldetik», azaldu dute aldundiak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak.
Mota horretako lehen erregulazioa Otsaurten eta Alkizan gauzatu zuten, otsailean. Zegamako haitz horretan, urriaren 1etik abenduaren 31ra arte soilik eskalatu ahalko da; beste hilabeetan, ez dago baimendua.
Martxoan, berriz, Gipuzkoa osora zabaldu zuten araudia, bere mugapenekin.
Sentipen gazi-gozoa
Eskalatzaile batzuen iritziz, ordea, aldundiak aurrera eraman duena «debekua» izan da. Mehatxatutako espezieak ugaltzeko neurri babestaileak hartzearekin bat azaldu dira, baina ez aldundiak eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak erabili dituzten moduekin. Araudia zehazterako orduan, eskalatzaileen iritzia entzun ez izana leporatzen diete, prozesua «itxia eta adostu gabekoa» izan dela.
Goierriko eskalatzaileek egitasmoan ez dutela ez ahotsik, ez parte-hartzerik izan gaineratu dute. Lehen ere ingurua asko errespetatzen dutela ihardetsi dute, eta Ataungo Aizkoate-Arteaundi haitza jarri dute adibidetzat, eskalatzea debekatu dieten toki bat: fauna aberatsa duenez, eta piztia asko ibili ohi denez, lehen ere usu ez zutela eskalatzen aitortu dute.
Debekatutako beste gune batzuetan, berriz, logikarik ez dute ikusi: Ataunen bertan, Artzateko haitzean, adibidez. Han ia animaliarik ez dagoela ziurtatu dute eskalatzaileek.
Haitzetan ibili ohi diren eskalatzaileek eurek ekarpenak egin zitzaketela uste dute, eta pena daukatela gaineratu dute, erabakia «orokorra»?izan delako.
Bestetik, kirol eskalada eta mendi eskalda bereizi dituzte. Kirol eskaladan azken urteetan jende asko hasi dela aitortu dute, baina mendi eskalada murritzagoa dela diote, eta ingurumenarekin jasangarriagoa. Biak zaku berean sartzea ez dute ongi ikusi.
Habiak egin eta txitak umatzen dituzten garaia babestu nahi dute
Eskalada guneen erregulazioarekin, «naturaren eta mehatxatutako espezieen alde» egin nahi du aldundiak. Lehen ere, legeak debekatuta dauka arriskuan dauden hegaztiek arrautzak jartzen dituzten gunetik 500 metro baino gutxiagora jarduerak egitea, eta hori gauzatu nahi dute.
Babestutako hegaztien %99 hegaztiak dira, eta habiak egiten dituzten garaia edo txitak hazten dituzten aroa dira haiei kalte egiteko errazenak. Urte guztian babesa izango duten tokiak hegaztien santutegiak dira. Ez dute, ordea, toki bakoitzean zer espezie dauden zehaztu, «arrautza lapurreta» saihesteko (arrautzak lapurtu, etxean umatu eta legez kanpo saltzen dituzte batzuek).
Erregulazioan dauden tokiak, hala ere, denborarekin aldatu egin litezke, bai babes mailaz, bai espazioz, hegaztiak ere mugitu ahala.