[HERRIZ HERRI] Erkidegoko udalerri aberatsenetakoa da Olaberria. Ehun enpresa baino gehiago ditu, eta 2.000 langileri ematen die lana. Bi izaera oso desberdinek bat egiten dute herrian: industria eta zerbitzu alorrak Ihurre aldean, eta lehen sektoreak goialdean.
Turismo gidek Goierriko balkoitzat izendatua dute Olaberria. Argazkietan usu atera ohi da herri kaskoa, San Joan Bataiatzailearen elizak muinotik menderatua eta belardi berdeek inguratua, atzean Aralarko Txindokiren isla zorrotzak zipriztinduta. Olaberriaren izaerari omen egiten dio, baina erdi bati bakarrik. Oso bestelako herria ere bai baita, kilometro pare bat beherago.
Gipuzkoan toki askotan bezala, Olaberrian ere bat egiten dute landa eremuak eta industria eta merkataritza gune handiek. Baina badirudi oreka aurkitu diotela elkarri. Ezin daiteke uka industriala denik: industrian egiten da Olaberriko jarduera ekonomikoaren %75. Ehun enpresa baino gehiago daude udalerrian, Arcelor Mittal —1955ean eratu zuten, eta 34.000 metro koadro hartzen ditu—, Carrefour, Lidl, Laulagun eta Hine erraldoiak, tartean. Denen artean, 2.000 lanpostu baino gehiago dituzte. 2016ko erroldaren arabera, berriz, 941 lagun bizi dira Olaberrian.
BPG barne produktu gordinari zegokionez, Gipuzkoako udalerri aberatsena zen 2015ean: 182.738 euro biztanleko. Zamudiok bakarrik gainditu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Krisiaren aurretik, 2008an, 213.788 eurokoa zuen. Olaberrian dauden enpresek 175 milioi euroko aberastasuna sortzen dute guztira.
Udalerriak apustu sendoa egina dauka industrialdeekin, aspalditik. Ihurreko gasolindegi zaharra da lekuko, estilo arrazionalistan eraikia, 1951n, JM Aristrain altzairutegiaren alboan. Karobi, Altune, Harizti, Iñausti, Basozabal eta Ibaiondo industrialdeak ditu gaur egun.
Herri gazte, herritar zahar
Olaberriko herrigunea./Aimar Maiz
Goierriko enplegu sortzaile handienetakoa izateaz gain, eskualdearen hornitzaile ere bada Olaberria. Merkataritza gune handiak ditu altzairutegiaren pare-parean. Bi gasolindegi, automobilismo zirkuitu bat —Gipuzkoako bakarretakoa—, beilatokia eta meskita bat ere bai.
Olaberritik hornitzen dira, esate baterako, norbere sektoreetan lider diren produktu asko: prezio apaleko ardoak (Elosegi ardotegia), gaztak (Aldanondo), haize errota handientzako errodamendu koroak (Laulagun), altzairua —Arcelorrek urteko milioi bat tona ekoizteko plana dauka, inoizko handiena—, eta industria automatismo eta muntatzeak (Hine).
Hein berean, ordea, erronkak ere baditu Olaberriak, eta ez makalak. Biztanleriaren galera geratzea da bat. XX. mendearen lehenengo erdian 500-600 bizilagun zeuzkan; 1960an, 1.011 lagunera igo zen errolda; eta 1970ean, 1.520ra, industrializazioaren eraginez. XXI. mendera 904 doirekin sartu zen. Berreskuratzen ari da azken urteotan, 950en inguruan jarrita.
Olaberrian industria da jarduera ekonomikoaren %75;
Gipuzkoan, udalerri aberatsena da BPGari dagokionez
Azken urteetan, mantentzen ari da biztanle kopurua, baina
zahartze tasa handia du: 65 urtetik gorakoak dira %29
Biztanleriaren zahartzeari aurre egitea da erronka bat. Gipuzkoako zahartze tasa handiena du Olaberriak: %28,9 dira 65 urtekoak eta hortik gorakoak. Hainbeste, ezen adinekoentzako ludoteka baitauka herriak, Ihurre auzoan.
Auzune hori berreskuratzea da etorkizun hurbilerako beste plangintza bat. 2015eko abenduaren bukaeran bihurtu zen urbanizazioa udal jabetzakoa, Arcelor Mittalena baitzen. Aristrain enpresariak eraiki zuen, 1957an, langileentzat. Bizilagunak ari dira erosten bertako etxebizitzak —221 daude—, orain arte langileen errenta sistemarekin funtzionatu ondoren. Ihurren bizi dira Olaberriko biztanleen erdiak, eta %50etik gorakoa da hango zahartze tasa.
Lehen sektorea ere, gailen
Zaharrentzat egokitzen ari dira Oria ibaiaren ibarreko auzoa, eta haurrentzat izendatu dute 342 metroko garaieran airoso dagoen herri kaskoa. Gaur egun, 55 bat haur dabiltza Olaberriko herri eskolan, udal pilotalekuaren alboko eraikinean. Haur eskola ere badute, hain justu duela urte gutxi Ihurreko eskola zaharretatik kaskora lekuz aldatua; baita ludoteka eta berriki irekitako ikastxokoa ere.
Landa eremuak lehen sektore indartsua eta askotarikoa du ondoan, eta industrialdeekiko kontrastea handitzen du horrek. 45 baserri ditu, bost auzotan barreiatuta. Txakolin ekologikoa ekoizten da Olaberrian, Getariako izendapena duena; Ibarrako piperrak, behi esne ontziratua, txekor haragia eta Idiazabalgo gazta dira herriko nekazaritza ekoizpenak, besteak beste.
Olaberria, ofizialki, 1804ko urriaren 15ean bereizi zen Lazkaotik, eta udalerri da ordutik. XVI. mendekoak dira lehen aipamenak. Herri gaztea da adinez, eta, adinekoak ondo zaintzeko, etorkizunaren berme diren haurrak sustraitzeko, eta herriaren bi izaerak nortasun bakar bihurtzeko eginahalean ari dira gaur egun.