Zaharretan zahar
Euskal Herrian, gaur egun ezagutzen ditugun baserriak eraikitzen uste baino 50 bat urte lehenago hasi ziren. Ondorio horretara iritsi dira Arkeolan fundazioko dendrokronologia ...
Euskal Herrian, gaur egun ezagutzen ditugun baserriak eraikitzen uste baino 50 bat urte lehenago hasi ziren. Ondorio horretara iritsi dira Arkeolan fundazioko dendrokronologia laborategiko adituak, Josue Susperregi buru dutela. Goierrin aurkitu dituzte, gainera, baieztapen hori egiteko frogak: Ezkioko Zelaa (Zelaia) eta Lazkaoko Maizgoena baserrietan.
Dendrokronologiaren neurketak erabiliz —zuhaitz bizietatik ateratako laginak erabiltzen dituzte zur zaharrak datatzeko, erreferentzia-kurben alderaketaz—, bi eraikinen egituretako zurak noiz bota zituzten zehatz jakin dute. Maizgoenako zurajeko enborrak 1445eko udaberrian ebaki zituzten; Zelaakoak, 1453ko udaberrian.
Enborraren hazkunde-eraztunak aztertuta jakin dute hori, gero laborategian egur bizien datu-basearekin erkatuta. Eraztunak bi parte ditu: bat udaberrian egina, bestea udan.
«Zuhaitzak moztu zirenetik baserriak eraiki arte urte gutxi batzuk igaro zitezkeela kontuan hartuta ere, bi kasu horiek erakusten dute euskal baserriak eraikitzen uste zena baino hainbat hamarkada lehenago hasi zirela», ondorioztatu du azterketak, Journal of Archaeological Science aldizkariaren azken zenbakian argitaratua.
Orain arte, lehen baserriak XV. bukaerakoak edo XVI. hasierakoak zirela uste zen, tipologia aztertuta batez ere. Orduko baldintza sozio-ekonomikoek ere sustengatzen zuten teoria. Baina, orain, dendrokronologiak zuren datazio zientifikoa ekarri du, eta hasiera XV. mende erdialdera aurreratu.
Oraingoz, publiko egindako eraikin zaharrenak Maizgoena eta Zelaa dira. Baina gehiago ikertu ditu Arkeolanek, eta, xehetasunik eman ez badu ere, aurrerapenaren teoria baieztatu dutela dio Susperregik.
Sagardotegiak ziren
Bai Zelaak, bai Maizgoenak, ezaugarri askotan egiten dute bat. Gertutasun geografikoaz gain, errege-bideen inguruan zeuden, altuera oso antzekoan daude (Zelaa 405 metrora, Maizgoena 325 metrora) arkitekturaz oso antzekoak dira, eta biek zeukaten sagardoa ekoizteko dolarea.
Gaur egun, Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan ikus daitekeen sistema berdina zeukaten. «Biek zeukaten dolarea. Baina ezaugarri txiki bat daukate: beste baserrietan dolareak markatzen du baserriaren altuera. Bi kasu hauetan, baserria dolarea baino askoz altuagoa da. Dolarea baserriaren barruan zegoen, eta dimentsioak pixka bat markatu zituen; baina ez modernoagoak diren dolare-baserrietan bezala. Berriagoetan, dolareen altuera da baserriaren altuera», dio Susperregik.
Sagardo «fabrikak» ziren. Etxebizitza soil baino gehiago: bizitza bai, baserria ere bai, baina sagardogintzarako prentsa, dolare eta sagarra nahiz upelak biltegiratzeko azpiegiturekin.
«Gure teoria da fabrika edo biltegi handi moduko zerbait zirela. Etxebizitza baino gehiago, funtzionalagoak, lantegiak».
Eraikitzeko modua ere berdina dute biek, orain arte datatutakoak baino zaharragoa. «Modulu batzuk ditu baserriak. Zurezko portikoak egin zituzten, egitura bertikal batzuk. Egitura horiek errepikatuz lortu zuten baserriaren bolumena. Eraikin bat txikiagoa da, modulu gutxiago ditu. Bestea handiago, gehiagorekin. Gure iritzia da, behin eraikitzeko eredu hori identifikatuta, zer baserrik gehiagok daukaten bilatu behar da. Batzuk aurkitu ditugu, eta baieztatu da gure teoria», azaldu du Susperregik.
Igartubeitiko zurak ez dituzte dendrokronologikoki aztertu. «Baina suposatzen da XVI. hasierako eredua dela». Aurrez ikertutako baserrien artean, ikerketan Goierriko beste bi ageri dira: Iparragirre (Iparre, Zaldibian), 1495ean hasi eta 1639an bukatu zuten; enborrak 1646-1662 bitartean moztuak ditu. Eta Aiaugalde Handi (Aia Ugalde Haundi), 1579tik 1742ra egina, zurak 1742-1775ekoak.
Harrizko oina behean, zurezko estalkidun solairuak goian
Beheko solairuaren hormak harrizkoak izan ohi zituzten baserriek, eta goiko oina erabat zurezkoa. Oholez estaltzen zuten inguru guztia. Gaztaina-zura erabiltzen zuten horretarako, hezetasuna hobeto jasaten duelako. Egitura ere goitik behera zurezkoa izaten zen, baina kasu horretan, haritzezkoa.
Euskal baserrien eraikuntzaren eredu bikaina da Ezkioko Zelaa. Berritzen ari dira, baina lehengo izaera mantenduta. Ganbaran, barruko gelak banatzeko oholezko hormak ditu, matxienbratu zaharrez lotuak. Teilatuko habe bat zumarra du, gerora aldatua dirudiena.