Bidezko merkataritzako produktuen logo berria
Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna ospatu da maiatzean. Legazpin ere bat egin dute nazioarte mailako egun honekin. 2014an IDEAS elkarteak (Iniciativas de Economia ...
Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna ospatu da maiatzean. Legazpin ere bat egin dute nazioarte mailako egun honekin. 2014an IDEAS elkarteak (Iniciativas de Economia Alternativa y Solidaria) eta Emaus Gizarte Fundazioak Bidezko Merkataritzaren Aldeko Hiria izendapena eman zion Legazpiri. Legazpi da, hain zuzen, izendapen hori jaso duen Gipuzkoako lehendabiziko herria.
«Lehenik eta behin, bidezko merkataritza zer den ulertu behar izan dugu» Miren Garcia
«Espainia mailako logoa oinarri hartuta, legazpiratzea izan da gure lana» Garazi Ayuso
Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna merkataritza sistema hau herritarren artean ezagutzera emateko helburuarekin egiten da. Hain zuzen, Legazpin makina bat denda eta tabernatan eros daitezke bidezko merkataritzako produktuak, eta denda horiek erraz identifikatzeko logo berri bat aurkeztu dute aurten. Bi neska gazte legazpiarrek izan dute logo berria egiteko ardura, Miren Garciak eta Garazi Ayusok.
Prozesua luze
Bai Garciak zein Ayusok kontatu dutenez, Legazpiko Gazte Txokotik iritsi zitzaien iazko irailean logo berria egiteko proposamena. «Hiru bat hilabete izan ditugu logoa prestatzeko», diote. Haien esanetan, Espainia mailan badago Bidezko Merkataritzaren Aldeko Hiriaren logo bat. Nahi duten autonomiek logo hori egokitzeko aukera dute. «Logo hau oinarri hartuta legazpiratzea izan da gure lana. Hala herritarrek errazago identifikatzeko Legazpiko ezaugarri bat txertatu diogu logoari. Mirandaolako mailua izan da aukeratutakoa».
Prozesua luzea izan dela diote. «Lehenik eta behin bidezko merkataritza zer den ulertu behar izan dugu, produktuak ezagutu, probatu…» argitu dute. Ondoren, Gazte Txokoko eta udaletxeko ordezkariekin batera lantaldea osatu eta Legazpi identifikatzeko ikurra aukeratzea izan zen lanetako bat. «Zerrenda luze bat osatu genuen, Aizkorrin Barrena, dantzariak, baserriak, Mirandaola… azkenean burdinolako mailua izan da aukeratutako irudia».
Irudi hori logoari txertatu diote eta proposamen ezberdinak aurkeztu eta gero, Gabonetarako aukeratu zuten, orain bidezko merkataritzako produktuak saltzen dituzten Legazpiko denda eta tabernatako erakusleihoetan jarriko duten logoa. Logo berria beste zenbait euskarritan ere izango da ikusgai.
Legazpin zortzi establezimendutan eros daitezke produktu horiek: Laubide, Lanbroa eta Itziar belar dendatan, Mari Carmen fruta dendan, Garagunean, Xarpoten, Gizarte zentroan eta Korosti Kafea dendan.