Eskulan tailerra Irulek egingo du uztailean eta marrazketa ikastaroa Arkatzak datorren ikasturtean
Ekainaren 23ra arte zabalik dago Legazpiko Kultur Etxean haurrentzako eskulan tailerrean izena emateko epea, baita datorren ikasturteko marrazketa eta pintura ikastarorako matrikula egiteko epea ere.
Umeentzako eskulan tailerra uztailaren 3tik 28ra egingo dute eta 12 toki daude. Irule elkarteak bultzatutako tailerra da eta Lehen Hezkuntzako 1go, 2. eta 3. mailatako ikasleei zuzenduta dago. Saioak astelehenetik ostiralera egingo dituzte 10:00etatik 12:00etara eta guztira 36 ordu iraungo du.
Tailerra Iruleren egoitzan egingo dute, udal euskaltegia dagoen eraikineko ganbaran eta irakaslea Nagore Bengoetxea izango da. Ikastaroaren matrikulak 62 euro balio ditu eta ordainketa lehenengo egunean egin beharko da.
Marrazketa eta pintura
Datorren ikasturterako marrazketa eta pintura ikastarorako matrikula epea zabalik dago eta oraingoan 2011. urtean jaiotakoek izena eman ahal izango dute. Arkatza elkarteak eskaintzen du ikastaroa Legazpiko Kultur Etxearen egoitzan. Matrikula egiteko kultur etxeko harreran hartu daiteke horretarako prestatutako orria eta, behin beteta, bertan utzi beharko da berriro.
Aurretik ikasle direnek irakasleari baino ez diote jakinarazi beharko datorren ikasturtean jarraituk dutela eta datuetan aldaketarik balego haien berri eman.
Taldeak eta ordutegiak matrikula egiten duten ikasleen arabera antolatuko dituzte Arkatza elkartekoek. Edonola ere, 18 urtetik beherakoek astean ordubeteteko bi saio izango dituzte eta helduek astean ordu eta erdiko bi saio. Helduek goizeko edo arratsaldeko ordutegia aukeratu dezakete.
2011n jaiotako haurrekin talde bat osatuko dutela aurreratu dute Arkatzako arduradunek. Helduentzako ez dago adin mugarik.