GEDk Bilbon egingo duen mosaikoan parte hartzeko autobusak antolatu dituzte
Duela urtebete, Goierrik erabakitzeko aukera izan zuen, Gure Esku Dagok antolatutako herri galdeketan. 15.000 goierritarrek baino gehiagok eman zuten botoa. Urtea pasa da harrezkero, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak, ekimen berri bat antolatu du. Erabakiaren garaia irudikatu nahi dute, eta horretarako, galdera ikur erraldoi bat osatuko dute larunbatean, Bilboko kaleetan. Herritarrei, koral kolorezko elastikoekin joateko deia egin diete; denen artean, giza mosaikoa osatzeko.
Goierriko hainbat herritan hasiak dira Bilboko ekitaldia girotzen, eta azken asteetan, galdera ikurrak osatu dituzte hainbat herritan. Larunbatera begira berriz, autobusak antolatu dituzte, Bilbora joateko. Izena emateko azken egunak dira.
· BEASAIN. Tren geltokitik bi autobus aterako dira, bata 11:00etan eta bestea 15:00etan. Izena emateko, Basakana edo Antzizar tabernetara jo daiteke. Ostegunean, Zubimuzu plazan ere jarriko dute izena emateko mahaia, 19:00etatik aurrera. · ORDIZIA. Kirkil, Kantoi eta Herriko tabernetan eta Larratxa dendan eman daiteke izena. · LAZKAO. Ansoategi, TPT eta Itzala tabernetan daude izena emateko orriak. · ZALDIBIA. Zaldibian ere antolatu dute autobusa. Gaur da izena emateko azken eguna, tabernetan. · URRETXU-ZUMARRAGA. Autobusak. 11:00etan eta 15:00etan abiatuko dira. Izena, Gaztelekun, Korta, Alexander, Laket, Berit eta Zabaleta tabernetan eman daiteke. · LEGAZPI. Karibe Zaharra, Katilu eta Gurrutxaga tabernetan apuntatu daiteke. · SEGURA. Autobusa 15:00etan aterako da Seguratik.